#A29

Hauteskundeetarako mahaikideen zozketa, azaroaren 2an

Noaua Aldizkaria

Azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako hautagai-zerrendak plazaratu dituzten asteazken honetan, urriaren 28an, Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez, azaroaren 2an egingo du datorren bozketa egunerako mahaikideen zozketa.

Hilabete baino ez da geratzen, Espainiako Gorteak berritzeko bozketa egunerako. Azaroaren 29an izango dira Madrilgo Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak. Egun horretan, hauteslekuetan lan egitea egokituko zaien herritarrak zozketa bidez hautatu ohi dituzte Udalek.

Usurbilgoak jakinarazi du noiz egingo duen aipatu zozketa. Datorren astelehenean, hilaren 2an izango da. Goizeko 11:00etarako udalbatzaren ezohiko osoko bilkura deitu dute. Gai bakarra hartuko dute ahotan; azaroaren 29ko bozketa eguna bera. Aipatu moduan, "2026ko azaroaren 29ko Hauteskunde Orokorretako mahaikideen zozketa" egingo dute.

72 herrikideren hautaketa
Ohi bezala, aplikazio informatiko bidez hautatzen dituzte herrikideak. Gogoan izan, herritarrek hauteskundeotan parte hartzeko zortzi mahai osatuko dira azaroaren 29an. Mahai bakoitza, gogoan izan, lehendakariak eta bi bokalek osatzen dute. Bakoitzak bina ordezko izaten ditu, guztira bederatzi kide hautatu beraz hautesleku bakoitzean. Guztira, honenbestez, 72 izango dira herrikide hautatuak.

Hautesleku berriak
Gipuzkoako nahiz herrialde barruko eskualde guztietako hauteskunde batzordeak duela bi aste eratu ziren, hilaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak jakinarazi moduan. Bi egun lehenago, hilaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak, Estatistikako Institutu Nazionalak argitaraturiko oharraren bidez "Hauteskundeetarako Sekzio, Hauteskunde-Mahai eta Hauteslekuen zerrenda" plazaratu zuen. Berrikuntzak iragarri zituzten. Izan ere, ohi bezala, udalerri honek zortzi hautesleku izango ditu azaroaren 29ko bozketa egunean.

Norbera non dagoen erroldatua, horren arabera, segidan agertzen den taulako guneotako batera jo beharko du botoa ematera. Oraingo honetan, ordea, zortzi hautesleku horietatik bi, orain arte Kalezarko haur eskolan egokitu izan direnak Ugartondon, Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioan kokatuko dira, haur eskolaren eraikina birgaitze lanetan dute eta.

Gainerakoan, ohiko tokietan bozkatu ahalko da. Hiru hautesleku Udarregi ikastolako eraikin gorriko erdiko aretoan ezarriko dira eta beste hautesleku bana Santuenea Kultur Elkartearen egoitzan, Aginagako Herri Ikastetxean eta azkena, Zubieta Lanbide Eskolan.

Zubieta, dakizuenez, bi udalerrietako lurretan da; Usurbilgoan zein Donostiakoan. Aurreko deialdietan egin izan duten moduan, bi hautesleku izango ditu honenbestez; bat, Usurbil aldekoa, Zubieta Lanbide Eskolan, eta bestea, Donostia aldekoa, Zubietako Herri Ikastetxean.

Udalerria

Barrutia

Saila

Azpisaila

Mahaia

Letrak

Hauteslekua

Hauteslekuaren helbidea

USURBIL

01

001

 

A

AI

UDARREGI IKASTOLAKO ERDIKO ARETOA

GERNIKA IBILBIDEA 11

USURBIL

01

001

 

B

JZ

UDARREGI IKASTOLAKO ERDIKO ARETOA

GERNIKA IBILBIDEA 11

USURBIL

01

002

01

A

AZ

SANTUENEA KULTUR ELKARTEAREN EGOITZA

SANTU-ENEA AUZOA 12 (URDAIAGA)

USURBIL

01

002

02

B

AZ

AGINAGA HERRI IKASTETXEKO PSIKOMOTRIZITATE GELA

ERRIBERAKO KALEA 7 (AGINAGA)

USURBIL

01

003

01

A

AI

TXIRIKORDA ERAIKINA

LAKIZAR KALEA 2

USURBIL

01

003

01

B

JZ

TXIRIKORDA ERAIKINA

LAKIZAR KALEA 2

USURBIL

01

003

02

C

AZ

LANBIDE-ESKOLA

ZUBIETA AUZOA 9 (ZUBIETA)

USURBIL

01

004

 

U

AZ

UDARREGI IKASTOLAKO ERDIKO ARETOA

GERNIKA IBILBIDEA 11

 

DONOSTIA

06

012

02

B

AZ

 ZUBIETA IKASTETXE PUBLIKOA

LEARRITZA PASEALEKUA 52 (ZUBIETA)


Ekitaldiak egiteko gune baimenduak
Azaroaren 13tik 27ra egin ahalko da kanpaina ofiziala. Herritarrei botoa eskatzeko tarte horretan, bozketa egun horretara aurkezturiko eragile politikoek erabili ahalko dituzten guneen zerrenda eman zuen argitara eskualdeko hauteskunde batzordeak, urriaren 21eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez.

Udalerri honi dagokionean, lokalok baliatu ahalko dituzte hauteskundeotan lehiatuko diren eragile politikoek: Sutegi, Potxoenea, Artzabalgo ekitaldien aretoa edota Udalak Santuenean duen lokala. Leku publikoei dagokienean, Usurbilgo, Santueneako, Aginagako eta Zubietako frontoiak erabili ahalko dituzte, baita Askatasuna plaza ere. Halere, aurrez interesdunek Udalean kontsulta egin behar dute eremuok erabilgarri dauden jakiteko.

Posta bidezko botoa eskatzeko aukera
Zabalik da posta bidezko botoa eskatzeko epealdia ere, azaroaren 19ra arte. Modalitate horretan bozkatzeko dokumentazioa jaso ostean, azaroaren 26rako tartea izango da modu horretan botoa emateko.

Correoseko bulegoetan tramitatu dezakezue posta bidez bozkatzeko eskaera, nortasun agiria edo norbere burua identifikatzeko baliokidea den dokumentua aurkeztuta. Bestela, telematikoki ere egin ahalko da eskaera helbide honetan: correos.es

Egutegia
Hona hemen, azaroaren 29ko hauteskundeei begirako hitzordu nagusien egutegia:
-Azaroak 2, 11:00: mahaikideak hautatzeko zozketa Usurbilgo Udalaren udalbatza aretoan.
-Azaroak 2: hauteskunde batzordeek hautagai-zerrendak agertuko dituzte.
-Azaroak 13-27: hauteskunde kanpaina.
-Azaroaren 19ra arte: posta bidez bozkatzeko eskaera Correosen.
-Azaroak 25: posta bidez bozkatzeko azken eguna.
-Azaroak 28: hausnarketa eguna.
-Azaroak 29: bozketa eguna, 09:00-20:00 artean.
-Abenduak 23: Diputatuen Kongresua eta Senatua osatzeko ekitaldiak 10:00etan.