Berak jakinarazi moduan, azkenaldian maiz galdetu diotena tarteko, usurbildarrei gutun bidez erantzutea erabaki du alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak. Bart, sare sozialen bidez jakinarazi duen moduan, datorren 2027ko maiatzaren 23ko udal hauteskundeetan ez da EH Bilduren alkategaia izango.
Honenbestez, zortzi urteko ibilbideari amaiera emango dio hurrengo uda hasieran. Izan ere, 2019an heldu zen alkatetzara Solaberrieta. 2023an ekin zion alkate gisa, amaiera bidean den bigarren lau urteko legealdi honi.
Gutun horretan oroitarazi duenez, "atzera begira jarri eta aitortu behar dizuet duela zortzi urte EH Bilduren alkategai izateko egin zidaten proposamena onartzea ez dela xamurra izan; eta zer diren gauzak, orain, Usurbilgo alkatetza uzteko erabakia hartzea ez ere ez da erraza izan. A ze paradoxa!".
Halere, "ondo pentsatutako eta hausnartutako erabakia" izan dela dio egungo alkateak. "Argi dut etapak hasi egiten direla eta ondo hastea bezain garrantzitsua dela ondo bukatzea, eta, horrenbestez, uzteko momentua iritsi dela sinetsita nago".
"Nire babes eta konfiantza osoa du"
Usurbilgo EH Bilduk udaberrian mahai politikoa berritu ostean hartu du Solaberrietak alkatzetza uzteko erabakia. Azpimarratu duenez, "belaunaldi berri bat batu da mahai politikoaren ardurak hartzera, eta argi dut, orain, belaunaldi horri dagokiola lidergo politikoa hartzea, eta niri erreleboa ematea". Izan ere, "gure proiektua kolektiboa da, eta EH Bilduren herriko komunitate zabalean bada jende prestua, konprometitua eta gaitasun handikoa gisa honetako ardura politiko eta instituzionalei heltzeko, eta gurea bezalako proiektu sendo eta sustraituek behar dute, horrenbestez, aldian-aldian haize freskoz eta ideia berri eta begirada berrituez blaitzea. Zorionez, Usurbilen, alderdi hori bermatua daukagu. Segurtasun osoz diot baieztapen hori. Harrotasunez".
Ildo horretan, kokatu du hurrengo alkategaia ere. "Ez dut dudarik EH Bilduk alkategai izateko proposatutakoa gaitasun handiko pertsona dela. Nire babes eta konfiantza osoa du".
"Usurbil eredu da"
Bi legealdiotan egindako lanarekin "pozik eta harro" agertu da alkatea. Zehaztu duenez, "XXI. mendeko gizarte honek dituen erronkei tokikotik eta sen eraldatzailez eta komunitarioz erantzuteko, herri estrategiak diseinatu eta martxan jartzeko gai izan gara, eta udalgintza ulertzeko eta egiteko modu horrek kokatu du Usurbil arlo askotan abangoardian. Proiektu berritzaile eta eraldatzaile ugari ditugu esku artean, eta Usurbil eredu da bai Euskal Herrian bai Euskal Herritik kanpo ere. Horren adibide dira, besteak beste, Europatik jaso ditugun bi sariak".
"Usurbilgintzan eta euskalherrigintzan ikusiko dugu elkar"
Ohore handitzat jo du Solaberrietak Usurbilgo alkatea izatea. Ondorioz, eskerrak eman nahi dizkie urte hauetan guztietan bidelagun izandakoei; etxekoei, senide eta lagunei, udal gobernu taldeko kideei, oposizioko ordezkariei, urteotan ezagututako gainerako alkateei, udal langileei, EH Bilduren mahai politikoari eta komunitate osoari, herri eragile, elkarte eta talde guztiei (modu berezian, Emakumeen Etxekoei), eta berak nabarmendu moduan, "batez ere, herritar guztioi".
Maila pertsonalean, intentsitate handiko esperientzia honek ekarritakoa nabarmendu du. "Gauza askotaz jabetu naiz: pertsonen eta elkar entzute eta elkar zaintzaren garrantziaz, komunitatearen indarraz eta herri txiki batek duen gaitasunaz gauza handiak egiteko, bere nortasunari eta sustraiei eutsiz. Hori da, azken batean, gure herria. Eta urte hauetan bizitakoak, ezagututako pertsonak eta elkarrekin partekatutako uneak nirekin eramango ditut". Legealdi hau amaitu ostean, "beste toki batetik bada ere, usurbilgintzan eta euskalherrigintzan ikusiko dugu elkar", iragarri du.
Ordura arte, halere, ohartarazi duenez, 2023-27 legealdia amaitzeko hilabete dezente falta dira. "Oraindik ere lan asko dugu egiteko. Proiektu asko ditugu esku artean, eta motxila bete lan daukagu. Eta indarra eta ilusioa sobera ditugu. Orain artean bezalaxe, azken txanpa honetan ere, alboan nahi zaituztegu".

