Elkartasun txokoa izango du Aitzaga Elkarteak iganderako, azaroaren 1erako antolaturiko 30. Artisau Azokaren bueltan. Izan ere, Afari Solidarioen taldeak ere bere postua jarriko du. Laguntza bildu nahi dute: dirua eta olioa, baita janaria ere. Horrez gain, taldeak sortutako amantalak (10 euro), kamisetak (15 euro) eta poltsak (12 euro) ere salgai jarri asmo dituzte.
Izan ere, dinamikari eusteko laguntza behar dute. Udan, kale egoeran bizi direnetzako afari solidariook (eguneko otordu bero bakarra haietako askorentzat) banatzea debekatu zieten Donostian. Ordutik, ekimena egokitu behar izan dute. "Udan, tuperrak banatzea debekatu zuten eta ogitartekoak banatzen hasi ginen. Guretzako erronka berria zen. Geneukan janaria ezin genuen baliatu, janaria erosi behar genuen. Horrek aparteko gastu ekonomikoa eragin zigun, aurreikusia ez genuena. Horregatik, azaroaren 1ean dirua eta olioa biltzea pentsatu genuen. Dena den, agian berriz tuperrak banatzera bueltatuko gara. Orduan, janaria ere ongi etorria izango da. KAS-eko materiala ere salgai izango da", iragarri dute.
Hilero afari solidarioen prestaketan
Donostiako Kale Afari Solidarioen taldea laguntzen dihardu Usurbilgo aipatu herritar taldeak iaztik. Duela urtebete, iaz eginiko azoketako batean jarri zuten, gerora prestatu beharreko otorduetarako laguntza. Usurbildarrek eskuzabaltasunez eginiko bilketa hari esker, abenduaz geroztik hilabeteotan hilean behin ehunka otordu prestatu dituzte Aitzaga elkartean, gero Donostian kale egoeran bizi direnen artean banatzeko.
Taldea, janaria bildu, sukaldatu, tuperretan prestatu eta Donostian banatzeaz arduratzen da, hiriburuko talde nagusiaren koordinaziopean. Bilgunearekin bat egin nahi duenak 688 85 08 24 telefono zenbakira deitu edo idatzi dezake. Normalean, hilero, azkenaurreko astearteetan elkartzen dira afarien prestaketa lanetarako. Taldetik hedabide honi aditzera emandakoaren arabera, lantaldeka aritzen dira. "Lan boluntarioa da, bakoitzak ahal duen ekarpena egiten du", bilgunetik aditzera eman dutenez.
Ohartarazi dutenez, areagotzen doa otorduon beharra. Izan ere, hileroko hitzordu bakoitzean "80 afari prestatzen hasi ginen. Gaur egun, jada 120 dira. Beharra badago". Donostiako KAS taldeak 300-350 otordu banatzen ditu egunero.