Mintzalagun egitasmoan parte hartzeko aukera

Noaua Aldizkaria

Mintzalagunen bila dabiltza euskara gehiago, gehiagotan, gehiagorekin eta hobeto erabiltzea sustatzeko egitasmoan parte hartzeko. Izen-ematea zabalik dute parte hartzaileentzat.

Euskara ahotan gehiagotan eta hobekiago hartzeko Mintzalagun egitasmoa abian jartzera doaz berriz. Horretarako bidelagunak behar ditu ekimenak; bidelariak eta bidelagunak. Parte hartzeko 16 urte baino gehiago izan behar dira. Izena emateko interesa dutenak bideotatik jarri ahalko dira hartuemanetan Mintzalagun egitasmoaren sustatzaileekin: zerbitzuak@ttakun.eus / 650 459 354.

Euskararen mintzapraktikan aritzeko taldeak osatzeko "ezinbestekoak dira bi profil hauek: batetik, bidelariak, egunerokoan euskaraz aritzeko solaskiderik ez dutenak; bestetik, berriz, bidelagunak, bide horretan laguntzaile izan nahi dutenak".

Dinamika asterokoa izaten da. "Lau-bost laguneko talde txikiak astean behin elkartzen dira, giro atsegina, hurbila eta parte hartzeko erraza izateko. Astean behingo hitzorduez aparte, gainera, ekimen honetan parte hartzen duten mintzalagunen topagune ere izan nahi du, euskararen bueltan sarea sor dadin; horregatik, urtean zehar ekintza osagarriak ere antolatzen dira, aisialdiarekin eta gozamenarekin lotutakoak".

"Beharrezkoak dira harreman-sareak"
Mintzalagunen helburua, "ahozko gaitasuna lantzeaz gain, euskaraz aritzeko ohiko oztopoak (lotsa, zailtasuna, ohitura falta eta abar) gainditzea, eta, beraz, hizkuntza-ohituretan eragitea". Izan ere, euskaraz biziberritzeko hiztun berriak sortzeko ezinbestekoa izateaz gain, "hiztunaren lana ez da ikasgelako martxara mugatzen; hizkuntza hitz egiteko eta hobetzen jarraitzeko, beharrezkoak dira harreman-sareak, eta, horretan, funtsezko zeregina du euskaraz ondo moldatzen den herritarrak".

Hain zuzen, "hainbat herritarrek ahalegin handia egiten dute euskara ikasteko, baina zenbaiti kosta egiten zaio euskarari eusten, eta arrazoi nagusietako bat da ez izatea norekin hitz egin. Behar horri erantzuten dio Mintzalagun egitasmoak, baina azken urteotan, bidelagunak lortzeko zailtasun handiak izan dira, eta horrek, azkenean, ekartzen du hiztun potentziala laguntzarik gabe uztea, eta, beraz, kasu askotan, euskarak hiztunak galtzea. Izan ere, euskaraz hitz egiteko pausoa emango du inguruan konfiantzazko giroa badu, pixkanaka gai bihurtzen bada eguneroko beharrak euskaraz asetzeko; bada, hori egiten laguntzeko, euskal hiztun bidelagunak behar-beharrezkoak dira".


Informazio gehiago, helbide honetan aurki dezakezue: mintzapraktika.taupamugimendua.eus