Ostiral honetan, urriaren 30ean hastekoa zuten greba zikloari eustea erabaki dute Osakidetzako sindikatuek. Honenbestez, bihar greba eguna izango da Osakidetza osoan. Aldaketarik ez bada, segida izango du abenduan. Hiriburuetan mobilizazioak deitu dituzte 12:00etan; Donostiakoa, Bulebarretik abiatuko da.
"Mahai Sektorialak Gasteizko Zerbitzu Zentraletan egindako bileraren ondoren, LABek, SATSEk, ELAk, CCOOk eta UGTk mobilizazioen ibilbide-orriari eutsi diogu, lan-baldintzak arautzen dituen akordio berriaren negoziazioan aurrerapauso garrantzitsuak eman behar direlako", jakinarazi dute sindikatuok. Izan ere, "akordioaren negoziazioari buruzko Mahai Sektorialean orain arte landutako akordio-tituluek aldaketak edo neurri zehatzak baino askoz haratago doazen erantzunak eskatzen ditugu".
Ildo horretan, sindikatuon esanetan, "Osakidetzak aurrerapauso bat emateko unea iritsi da. Langileek urte gehiegi daramatzate lan-baldintzak eguneratzeko zain. Ez da nahikoa mahai batean eseri eta arazoei buruz hitz egitea: euskal osasun publikoa egunero sostengatzen dutenen errealitateari erantzungo dioten proposamen zehatzak, aurrerapen garrantzitsuak eta konpromisoak behar ditugu". Onartezintzat jo dute, "Osakidetzak inolako soldata-proposamenik egin ez izana, batez ere bizitzaren garestitzea etengabe areagotzen ari den testuinguru honetan".
Horregatik, negoziazioa desblokeatzeko ardura Osakidetzaren Zuzendaritzi dagokion gehiengo sindikalaren arabera. "17 urte baino gehiagoz Akordio Arautzailea osorik berritu gabe egon ondoren, profesionalek hobekuntzak behar dituzte, beren lanaldian, baimenetan, kontziliazioan, ordainsarietan eta lan-baldintzetan eragina izango dutenak". Gaineratu dutenez, "negoziazioak kolektibo guztien beharrei erantzun behar die, bidegabekeriarik sortu gabe eta taldeen funtzionamenduari eta arretaren kalitateari eragiten dieten aldarrikapenak kanpoan utzi gabe".
Ostiral honetan hastekoa duten greba egunen zikloaren helburua da "Osakidetza osatzen duten pertsona guztientzako lan-baldintza duinak defendatzea eta osasun-sistema publiko baterantz aurrera egitea, pribatizazioak geldiaraziko dituena eta plantilla nahikoak izango dituena, asistentzia-kargari aurre egiteko eta arreta segurua eta kalitatezkoa eskaintzeko gai izango direnak. Harreman zuzena dago langileen lan-baldintzen eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatearen artean".
Aurrera begira, "profesionalek ezin dute sistema sostengatzen jarraitu beren ahaleginaren eta bizitza pertsonalaren kontura. Horregatik, gure lana aitortu eta gure baldintzak hobetuko dituen akordio bat behar dugu".
Greba deialdia Osakidetzan
Greba egunak: urriaren 30ean eta abenduaren 14an Osakidetza osoan, abenduaren 9an Araban, abenduaren 10ean Bizkaian eta abenduaren 11n Gipuzkoan. Horrez gain, azaroaren 17an elkarretaratzeak deitu dituzte lantokietan.
Sindikatuok aldarri nagusiak:
- Hitzarmena berehala negoziatzea, 18 urte baino gehiago igaro ondoren osorik eguneratzeko, honako gai hauek barneratuz:
- Kolektibo guztien ordainsariak eguneratzea, soldata hobetuta, galdutako eros-ahalmena berreskuratzera bideratuta.
- Lanaldi arrunta murriztea, urteko ordu-kopurua eta/edo asteko 35 orduak hobetzeko unea da.
- Lizentzia eta baimenetan benetako aurrerapausoak ematea.
- Profesionalen arteko desberdintasunak ezabatzea eta irizpide bateratuak aplikatzea Osakidetzako ESIetan.
- Behin-behinean, SMErekin sinatutako akordioan jasotako neurriak langile guztiei zabaltzea beraien egoerarekin bateragarriak badira.
- Zerbitzuen araberako plantilla-beharren azterketa egitea, egiturazko defizitak identifikatu ahal izateko.
- Belaunaldi-errelebo eta talentua erakartzeko plana diseinatzea eta martxan jartzea.
- Autokontzertazioa eta aparteko orduak progresiboki murriztea eta ezabatzea.
- Sindikatu guztiekin Lehen Arretako eredu berriari ekitea.
- Adinari lotutako konpentsazio-neurriak barne hartzen dituen lan-ibilbidea ezartzea.
- Bateraezintasun-sistema kontrolatzeko eta gainbegiratzeko mekanismoak indartzea.
- Osasun publikoaren pribatizazioaren eta externalizazioaren aurkako neurriak.
- Lan osasuna: langileen lan-karga handiak eta arrisku psikosozialak ebaluatzeko eta arintzeko neurriak.
- Euskalduntze-plana, herritarrek eta Osakidetzako langileek euskaraz lan egiteko eta bizitzeko dituzten eskubideak bermatuko dituena.
- Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako neurri eraginkorrak eta aurrekontuan aurreikusitakoak.
