Urriak 30 ditu, hilabeteko azken ostirala gaurkoa. Sarek deituta mobilizatzeko eguna, gaur iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan. Gogoan izan, azkenetako elkarretaratzea izango dela ostiral honetakoa. Izan ere, abenduan eten egingo ditu Sarek modu honetako, hileroko mobilizazioak.
Sarek bideraturiko barne hausnarketatik ziklo aldaketa baten atarian da herri eragilea. Hamarkada honen hasieraz geroztik, Euskal Herriko beste hainbat udalerriren antzera, presorik gabeko herria da Usurbil. Ondorioz, orain arteko dinamika modua aldatzekotan da. Azken ostiraletako elkarretaratzeak amaitutzat eman edo emate bidean dira hainbat herrietan. Usurbilen, urrian, azaroan eta abenduan egingo dituzte azken mobilizazioak; datorrena, hilaren 30ean iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan. "Animatu parte hartzera", deitu du Usurbilgo Saretik. Gogora ekarri digute, hamarkada hauetan guztietan, preso, iheslari eta deportatuen eskubideen defentsan aritu direla hainbat eragile eta herritar. "Soka bereko haria gara", adierazi dute Usurbilgo Saretik.
Geratzen diren azken elkarretaratzeak, Bilboko urtarrilaren 9ko manifestazio nazionalerako bozgorailu lanak egiteko baliatu nahi dituzte. "Mobilizazio nazional horretarako deialdi berezia egin nahi genuke, Euskal Herriak adierazi dezan, geratzen diren korapiloak askatu behar direla", aipatu herri eragiletik adierazi dutenez. Hain zuzen, Euskal Herri mailako Sarek urtarrilaren 9an Bilbon azkena izatea nahi luketen manifestazio nazionala iragarri du "helmuga, denak etxera" aldarripean. Ziklo aldaketaren mugarria izango da Sarerentzat. Hortik aurrera, Usurbilen ez da azken ostiraletako mobilizaziorik izango, baina horrek ez du esan nahi, duela hamabi urte sortutako herri mugimendua desegingo denik, "Sareren helburua, azken presoa askatu arte lanean jarraitzea" baita. Beraz, Usurbilgo taldeak Euskal Herri mailakoaren baitan, unean uneko dinamikak babestu eta sustatzen segiko du.
Sareren datozen deialdiak
Urriak 30, ostirala
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Urtarrilak 9, larunbata
17:00 Manifestazio nazionala Bilboko La Casillatik, "Helmuga: denak etxera" aldarripean.
Deitzailea: Usurbilgo Sare.