30. Artisau Azoka

"Aurreneko azokan biluzten ari nintzela sentitu nuen"

Noaua Aldizkaria

"Kolore" proiektua zaletasun gisa hasi zuen. Orain, autonomo gisa alta eman duela aitortu du Aiora Arrospide Sarasolak. Semeei oparitutako errotuladoreak baliatu zituen haiek ere marrazteko. Aitzaga Elkarteak, igandean, azaroaren 1ean antolaturiko 30. Artisau Azokan parte hartuko du.

Hobby gisa zenuen marraztea eta orain autonomo gisa alta eman duzu. Zaletasuna izaten jarraitzen du?
Aiora Arrospide Sarasola: Oraindik ez da lana. Azken finean, hobbya izaten jarraitzen du, baina hilabeteko gastu minimoa atera nahi dut. Aurreneko urtea da, eta karpa eta mahaia erosi behar izan ditut. Hori inbertsio bat izan da. Egia esan, ez daukat presio hori, beste soldata bat dudalako. Artisau azoketan hortaz bakarrik bizi den jendea ikusten dut, eta oso gogorra da. Gastu guztiei aurre egin behar diezu. Horregatik, bikain iruditzen zait horrela bizitzea. "Kolore" izeneko proiektu honetatik bakarrik bizitzea oso zaila ikusten dut. Bizitzak zer ekarriko didan ikusten ari naiz.

Etorkizuneko zure lan gisa ikusten duzu?
Gustatuko litzaidake. Imajinatu; Loreak Mendian-ekoak pentsatuko zuen hainbesteko fama izango zuela? Agian ez.

Arropa bakarrik diseinatzen duzu?
Lehen, postuan mahai bat bakarrik jartzen nuen, eta ia ez nuen tokirik ezertarako. Bigarren mahai bat erosi nuenean, mihiseak eta marrazkiak hor jartzen hasi nintzen. Arropetan ditudan marrazki eta mihise asko ez ditut saldu nahi, niretzako dira, egin nituen aurrenetarikoak direlako eta zerbait berezia dutelako. Koadroak ere saltzen ditut, eta jatetxeren batean erakusketak jarriak dauzkat. Baina azkenean, ez daukat denbora horretara jartzeko.

Eta zerri ematen diozu garrantzia gehiago?
Nire ustez, gehien saltzen dena arropa da. Egia da, norbait nire arropekin ikusten badut, ilusio handia egiten dit. Orduan, nik esango nuke arropari ematen diodala garrantzia. Zirrara berezia sortzen dit norbait nire kamisetarekin ikusteak.

Nola definituko zenuke Kolore?
Imajinazio asko. Nire teknika zirriborro bat egitea da, eta zirriborro horretan erabakimena. Nik uste denok egin dezakegula, bakarrik ni hori egitera eta erakustera ausartu naizela. Lehenengo azoka parte hartu nuenean, biluzten ari nintzela sentitu nuen, nire barrua erakusten ari nintzelako. Askotan sentsazioa dut, pertsona batek marrazki bat aukeratzen duenean, marrazki horrek eragin bat duela berarengan.

Zer da zuretzat postua jartzea Usurbilen?
Aurrenekoan biluztea izan zen, eta lotsa pasa nuen. Orain, bigarren aldiz egin behar dudanez, lasaiago egongo naiz. Hala ere, errespetu asko ematen dit. Prest egon behar duzu, batzuei gustatuko zaielako eta beste batzuei ez.

Ingurukoek zer esan zizuten "Kolore" proiektuarekin hasitakoan?
Egia esan, asko eskertzen diet. Nire ahizpa izan zen kamisetak egiteko esaten zidana, nire anaiak kamiseta pila bat erosi dizkit... Familiaren harrera ezin hobea izan da. Alde horretatik gozamena izan da.