Nola hasi zinen josten?
Eli Eizagirre Bruño: Gauza txikiak egiten hasi nintzen. Niri josketa betidanik gustatu izan zait, beti lasaitu nau. Lehen, beti, eskuz josten nuen, baina halako batean, duela urte asko, josteko makina oparitu zidaten, eta gauza pixka bat handiagoak egiten hasi nintzen. Covid garaia izan zen etxean denbora gehien pasa genuena, eta orduan, josketari denbora gehiago eskaini nion. Orduan hasi nintzen sortzen nuena saltzen, Instagram bidez. Hasieran ez nuen pentsatuko mantalak egingo nituenik, baina pixkanaka ikasten joan naiz, eginez eta ikasiz, autodidakta bainaiz.
Non jartzen dituzu egindakoak salgai?
Normalean Instagram bidez. @anaiet_tx izena du nire Instagrameko kontuak. Izen hori jarri nien nire lanei, eta orain arte, Instagram bidez saldu izan ditut. Baina ezagunek nire gauzak saltzen nituela jakin zutenetik, zuzenean niri eskatu izan dizkidate. Lehengo urtean, lehenengoz azaroaren 1eko azokan parte hartu nuen, Aitzaga Elkarteak antolaturiko azokan. Aurten ere parte hartzea erabaki dut.
Zer da zuretzako jostea?
Niretzako hobbya da, irakaslea naiz lehenengo. Josketa boladaka egiten dudan lan bat da, denbora eta gogoa daukadanean. Esan nahi dudana da, ez dudala saltzen derrigortasunetik, egiten dut eta egiten dudalako saltzen dut. Pixka bat alderantzizkoa da.
Jostea terapia moduko bat da?
Lehenago hasi nintzen zaletzen josketarekin. Umeak izan nituenean siestan jartzen nituen, eta siesta luzeak egiten zituztenez, niretzako denbora neukan. Momentu horietan pare bat ordu izaten nituen, eta gurutze-puntua egiten hasi nintzen. Umeentzako gauzak egiten hasi nintzen, eta gustua hartzen. Gainera, hasieran espero ez dituzun gauzak egitera iristen zara.
Zeure ingurukoek zer esan zizuten?
Amak beti esaten zidan egiten nituen gauzak ea zergatik ez nituen saltzen, eta beti ezezkoa ematen nion. Etxekoak beraiek dira zerbait eskatzen didatenak, eta ikusten dute ere gauza politak ateratzen direla, saltzeko ere politak izan daitezkeenak. Azokan ere alabei nire ondoan egotea gustatzen zaie, eta beraiei ere asko gustatzen zaie josketa.
Zer sorrarazten dizu herriko azokan parte hartzeak?
Gustura egoten naiz. Iruditzen zait mundu guztiak badakiela honetan ibiltzen naizela. Jende askok sorpresaz hartzen du, eta hori da momentua zure gauzak ikusten dituztenak eta politak direla esaten didate. Hori ere eskertu egiten da. Dena den, herrian bakarrik egiten diren azoketan parte hartzen dut.
Eskaerak onartzen dituzu?
Nik normalean produktua badakidanean nola egin eredu batzuk sortzen ditut, eta horiek jartzen ditut salgai, baina produktu bat beste oihal batekin nahi badute egiten ditut.
