Larunbateko Gau Beltzaren atariko tartea, eguerdi partekoa, euskal abestiez giroturikoa izango da. Izan ere, hilero moduan, plazara irtengo dira Usurbilgo Euskal Kantu Taldea. Eguerdiko 12:00etan jarri dute biltzeko hitzordua, ohi bezala, Mikel Laboa plazan. Hortik aurrera, pare bat orduz ariko dira kantuan herri erdigunean barrena.
Gogoan izan, hitzorduok prestatu nahiz kantuan aritzeko astelehenero biltzen da Kantu Taldea, arratsaldeko 18:00etan Agerialdeko musika gelan.
Bardozeko Xarnegu ikastolakoekin
Duela hilabete atera zen azkenekoz Kantu Taldea plazara, ohi baino bidelagun gehiagorekin gainera.
Ohi baino kantari kopuru jendetsuagoa izan zuen, uda osteko lehen hitzorduak. Izan ere, gonbidatu talde berezi baten parte hartzea erakarri zuen irailaren 26ko birak; Lapurdiko Bardozeko Xarnegu ikastolako kideena hain zuzen. Nafartarrak taldekoen eskutik heldu ziren gure artera.
Usurbilgo taldeak herri honen ereserkia abestuz ekin zion kantu-jirari eta modu harretan egin zion harrera Bardozeko ordezkaritzari ere. Abesti horren amaieran batu ziren ekitaldira eta abestuz eman zioten segida, herri erdigunean barrena egindako jirari.