Aurreikusia zuten moduan, hiru egun barru, datorren astelehenean, azaroaren 2an irekiko dute Oiardo kiroldegiko igerileku eta sauna eraberritua. Hala jakinarazi du Usurbilgo Udalak ohar bidez. Irekiera horrekin batera jarriko dituzte martxan uretako ikastaroak ere. "Urrian egin dituzte prestaketa lanak, eta 400 izen-emate izan dira", jakinarazi du Udalak.
Urtebete eta bi hilabete pasatxoko itxieraren ondotik, instalakuntza eraberrituon irekiera ospatu egin nahi du Usurbilgo Udalak. Horretarako, azaroaren 14an eta 15ean, "haur eta gaztetxo abonatuentzako puzgarriak jarriko dira igerilekuetan". Udalak ohartarazi duenez, "igerilekuen gehieneko edukiera ez gainditzeko, txandak ezarriko dira, eta izena ematea beharrezkoa izango da". Bi egun horietan, gainerako erabiltzaileek ez dute igeri egiteko aukerarik izango.
Berritze lanak
Gogoan izan, iazko abuztuaren 27az geroztik itxita egon da kiroldegiko eremu hori, egun hartan izandako suteak nabarmen kaltetu ostean. Kiroldegiaren gainerako instalakuntzak astebetera zabaldu ziren, "garbiketa sakona egin eta erabiltzeko baldintza guztiak betetzen zituztela bermatutakoan".
Igerilekuko eta sauna ingurua bere onera ekartzeko denbora, baliabide eta ahalegin handiagoa behar izan du Udalak. Ordutik, "Kiroldegia berriz osorik ireki ahal izateko, prozedura ahalik eta gehien azkartzen ahalegindu zen udala, horretarako gaitasun ekonomikoa zeukala baloratu ostean. 641.000 euroan baloratu ziren kalteak, eta partida osoa gorde zuen, aseguruak bere gain hartuko zuen edo ez jakin gabe. Hilabete batzuk geroago jaso zuen albistea: aseguruak obra osorik finantzatuko zuela jakinarazi zion udalari".
Udaberrian, "maiatzean hasi ziren kalteak konpontzeko obrak: Igez Eraikuntzak enpresak egin ditu". Udalak gogora ekarri moduan "aldamenean daude sauna eta igerilekua, eta horiek izan ziren eremu kaltetuenak. Era berean, sua bertikalki zabaldu zen, azpiegiturak kiskaliz: esleipendunek azaldu zutenez, azpiegiturak izan dira, hain zuzen, lanik gehien eskatu diena. Igerilekuen kasuan, zoruan epoxy materiala eman da, iraunkorragoa delako, eta inguruko harlauzak berritu dira. Sauna berriak lehengoak baino espazio handiagoa du".