Sarek aurtengoz eta ziklo hau itxi aurretik, iragarritako azken mobilizazioetakoa izandakoa egin du bart, Mikel Laboa plazan. Euskal Herri mailako bilguneak bere baitan eginiko hausnarketa prozesutik amaitutzat ematea erabaki du hileroko azken ostiraletako elkarretaratzeen dinamika, presorik gabeko herrietan behintzat. Herri bakoitza bere modu eta erritmoan ematen ari zaio amaiera. Usurbili dagokionean, herri honetako Sare taldeak abenduan deituko du azken elkarretaratzea, urtarrilaren 9rako Bilbon antolatutako manifestazioaren aurretik alegia.
Azken deialdiak, beraz, Bizkaiko hiriburuko manifestazio horri begirakoak izatea nahi dute, besteak beste, baita euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde, urteotan hainbat herritar eta taldeek eginiko lana aitortzeko ere. Horren isla da, egunotan margotu duten horma-irudia Zubiaurrenea kalean.
"Konponbidearen eta bakearen aldeko lanean eta neurrietan lerratzean berresten gara"
Horrekin batera, bart egin dute urte amaierara arte geratzen diren hiru mobilizazioetan lehenengoa Mikel Laboa plazan. "Helmuga eskuratzearen eta urtarrilaren 9an Bilbon egingo dugun manifestazio nazionalaren aurrelanketan murgildurik ditugularik herri eta auzoak. Egun eta aste gorabeheratsuak bizi ditu konponbidea eskuratu asmo duen euskal preso, iheslari eta deportatuen auziak".
Izan ere, Saretik gogora ekarri dutenez, asteotan "zaintza epaitegitik eta entzutegi nazionaletik, oinarri juridikorik ez duten eta mendekutik, zein erabaki politikoetatik gehiago duten errekurtso edo erabakiak. Egoera gertuen eta hobekien ezagutzen duten profesionalen erabakiei muzin eginaz, 500 kilometrotara hartzen diren erabakia, ez dute euskal gizartearen nahi eta beharretan islatzen den konponbidea oztopatu beste asmorik".
Ildo horretan, anakronikotzat jo ditu Sarek errekurtso erabaki horiek "ETAk bere jarduera eten zuela 15 urte bete direnean" hain zuzen. Horren aurrean, "Sare Herritarretik eta Etxeratetik argi diogu: elkarbizitza agertokiak helburu, konponbidearen eta bakearen aldeko lanean eta neurrietan lerratzean berresten gara. Oinarri juridikorik gabe eta mendeku gosez hartzen diren erabakiak, euskal gizartearen gehiengoaren nahiaren aurka lerratzen dira".
Horregatik, hauteskunde ziklo betean, arduraz jokatzea eskatu die Sarek espainiar nahiz frantziar estatuetako administrazioei. "Aurrerapausoen garaia da eta ez iraganeko agertokiak elikatzekoa. Hauteskundeen emaitza dena delarik ere, hamaika aldiz aldarrikatu du euskal gizarteak prest dagoela aurrera egiteko. Nahi hori errespetatzeaz gain, salbuespenean mantendu baino euskal preso, iheslari eta deportatuen auziaren konponbidean fokua jarriko duten instituzioen beharra da aldarrikatzen duguna".
Hurrengo hilabeteetan, aldarrikapenen bermetzat jotako gizartea kohesionatzearen alde lanean jarraitu asmo du Sarek. Izan ere, "helmuga diogunean, ez gara sinbolikoki ari. Helmuga diogunean, sufrimendua gainditu eta euskal preso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria eskuratzeaz ari gara".
Sareren datozen deialdiak
Azaroak 27, ostirala
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Abendua
Azken ostiraleko elkarretaratzeen dinamikaren amaiera, Mikel Laboa plazan.
Urtarrilak 9, larunbata
17:00 Manifestazio nazionala Bilboko La Casillatik, "Helmuga: denak etxera" aldarripean.
Deitzailea: Usurbilgo Sare.