Booktegi jaialdia

Ruper Ordorikarekin solasean ekin diote Booktegi jaialdiari

Noaua Aldizkaria

Bitan izango da Ruper Ordorika asteburu honetan Usurbilen, Booktegi jaialdiaren bosgarren edizioaren baitan; larunbat honetan, urriaren 31n, kontzertua eskainiko du 19:00etan Sutegin. Aurretik, berarekin solasean aritzeko aukera izan da bart, kultur-etxeko auditorioan.

Ezohikoa izango da. Gutxitan bezala, baten faltan, bitan izango da Ruper Ordorika sortzailearekin egoteko aukera asteburu honetan, Booktegi elkarteak Usurbilen antolaturiko bosgarren jaialdiari esker. Lehen agerraldia ostiral honetan, urtarrilaren 30ean egin du oñatiarrak kultur-etxeko auditorioan, gaur, urriaren 31n eskaintzekoa den kontzertuaren aurretik hain zuzen.

Bere ibilbideaz eta ibilbide oparo horretako hainbat bizipen gogoangarri partekatu ditu kultur-etxeko auditoriora joandakoekin. Booktegi egitasmoaren sustatzaile eta herrikide Haritz Brantonek eta geure artean egonaldia egin, eta herri honetan inspiraturiko ipuina kaleratua duen Itxaro Borda idazle ezagun eta Booktegi jaialdiko hainbat edizioetako aurkezleak gidatu dute saioa.

Aipatu hitzordua, iaz eginiko "Rupertorioa" izeneko ekimenaren ondotik heldu da. Iazko Booktegi jaialdiko ekimen hartan, Ordorikaren hainbat abesti aukeratu eta nork bere erara zuzenean interpretatzeko aukera izan zuen.

Solasaldian zehar hainbat kanta jo ditu bart, bere esanetan, kontzertuan entzungo ez diren horiei egin nahi izan die tartea. "Niretzako kantua genero bat da" bere horretan, Ordorikak zioenez. Atzo hitz egiten entzun ostean, gaur kantuan ariko da Booktegi jaialdiaren bosgarren edizioaren baitan, 19:00etan Sutegin. Halere, ekimen gehiago iragarriak dituzte. Hemen duzue egitarau osoa:


Booktegi jaialdia
Urriak 31, larunbata
10:30 "Elkarri irakurriz" solasaldiak Zumarte Musika Eskolan.
Parte hartzaileak:
-Sotoa taldea: Bea Salaberri, Iñigo Satrustegi, Harkaitz Cano.
-Ganbara taldea: Amaiur Epher, Lizar Begoña eta Agustin Arrieta.
Zehaztasunak: "Bi solasaldiak urriaren 31n egingo ditugu, eta tartean mokadu bat hartzeko aukera izango dugu. Ipuinak izango dituzte mintzagai idazleek, baita literatura eta kultur orokorra ere. Irati Zubia izango da moderatzailea. Bestetik, egun horretan Amaiur ezin da etorri, eta Ugaitz Agirrek ordezkatuko du".

17:00 Booktubers bideoak.
Zehaztasunak: "Udarregi Iksatolako ikasleek, iaz bezala, hainbat liburu gomendatuko dizkigute bideo-formatuan".

Ondoren, Arbaso Eguna mahai-jokoa Sutegin.
Zehaztasunak: "Arbaso Eguna mahai-jolas narratibo eta kolaboratiboa da. Rol-jolasaren tresnak erabiltzen ditu, baina ez da beharrezkoa aurretik rol-jokoetan esperientziarik izatea. Helburua erraza da: etorkizuneko komunitate batek gaurko erronka handi bat gainditu duela irudikatzea, eta ondoren galdetzea nola iritsi garen horra".

19:00 Ruper Ordorika eta Mugalariak Sutegin.
Parte hartzaileak: Arkaitz Miner, Ruper Ordorika, Lutxo Neira eta Felix Buff.
Sarrerak: usurbilkultura.eus plataforman sarrera eskuratu eta eskudirutan ordainduko da (15 euro) Sutegi atarian.
Oharra: "18:45 baino lehenago iritsi, mesedez. Beranduago etortzen bazara eta norbaitek eskatzen badu, gerta liteke zure sarrera eskatzen duen horrek jasotzea".

Azaroak 1, igandea
11:00 Mihise musika taldearen "Ahaldatu" kontzertu baten filma Sutegin.
Zehaztasunak: "2025eko urriaren 17an, Sutegin, Mihise taldeak bere bigarren diskoa aurkeztu zuen: Ahaldatu. Kontzertua grabatu genuen, eta aurtengo Booktegi Jaialdian aurkeztuko dugu kontzertuaren filma".

12:00 Anariketa Sutegin. "Hainbat lagunek abesti bana nahi duten moduan interpretatuko dute".
Zehaztasunak: "Iazko Rupertorio ekitaldian bezala, aurten hainbat lagunek Anariren abesti bana hautatu dute, eta zuzenean abesti horiek interpretatu egingo dituzte, nork bere erara. Abesti batzuen bertsio bereziak entzun ahalko ditugu, bai eta letren inguruko hausnarketak, anekdotak, errezitaldiak ere… Interpretatzaile bakoitzak abestiaren inguruko ideiak, emozioak, pasarteak partekatuko ditu gurekin".
Izen-ematea, esteka honetan: Anariketa
Informazio gehiago: Sutegi udal liburutegian.

Sarrerak:
aurrez, usurbilkultura.eus plataforman.
Informazio gehiago: booktegi.eus
Antolatzailea: Booktegi elkartea.