Booktegi jaialdia

"Booktubers" eta Arbaso Egunaren jokalarien topagune Sutegi

Noaua Aldizkaria

Errore bat gertatu da bideoa igotzeko orduan. Saiatu berriro edo jarri gurekin harremanetan.

Booktegi jaialdiko bosgarren edizioaren baitan, jolasa eta literatura uztartu ditu larunbat arratsaldeak Sutegin.

Ezohikoa izan arren, hala gertatu da. Sutegiko bi solairu zabalik ziren aldi berean, larunbat arratsaldea izan arren. Booktegi jaialdiak ahalbidetu du Irazu kaleko kultur-etxeko bizitza inoiz baino dinamikagoa izatea, asteburu betean egon arren.

Ekimenak Usurbilen eginiko bosgarren edizioaren baitan, jolasa eta literatura uztartu ditu aldi berean, Gau Beltzaren atariko arratsaldean. Batetik, Sutegi udal liburutegian talde jolasean aritu dira. Arbaso-Eguna talde jokoa baliatu dute horretarako.

Ikertze Elkartearen eta EHUren arteko lankidetzatik sortutako egitasmoa da. "Arbaso Eguna mahai-jolas narratibo eta kolaboratiboa da. Rol-jolasaren tresnak erabiltzen ditu, baina ez da beharrezkoa aurretik rol-jokoetan esperientziarik izatea. Helburua erraza da: etorkizuneko komunitate batek gaurko erronka handi bat gainditu duela irudikatzea, eta ondoren galdetzea nola iritsi garen horra". Web orrialde honetan duzue joko horri buruzko informazio gehiago, arbasoeguna.eus atarian hain zuzen.

Horretan aritu dira bi talde Sutegi udal liburutegiko mahai banatan.


Irakurzaletasuna sustatzen
Artean, auditorioan, belaunaldi gazteena elkartu da, haien senide eta lagunekin. Izan ere, Udarregi ikastolaren LH5eko ikasleek haien proiektua aurkeztu dute; "Booktubers" izenekoa. Segidan Ruper Ordorikak eskaintzekoa zuen kontzerturako prestaturiko oholtza gainetik ikasleok ezinhobeto azaldu duten moduan, "oso pozik gaude proiektu hau aurkezteaz".

Aldez aurretik, talde txikietan grabatutako hainbat bideo aurkeztu dituzte. Horregatik zioten, moduan, "Booktuber" gisa aurkeztu dute haien burua. Egitasmoak, "liburuei buruz hitz egiten du. Guk gure liburu gogokoenak aukeratu ditugu; lehenik irakurri egin dugu, eta gero, gure artean ideiak partekatu ditugu".

Taldeka, aipatu liburu gogokoenei buruzko azalpenak eskaini eta horri buruz hausnartutakoa partekatu dute Sutegiko auditoriora joandakoekin, hitzez, antzerki, parodia eta baita txotxongiloen bidez ere.

Umorea eta misterioa uztartutako sormen lanen alde egin dute; hala nola, "Xeherlock detektibea" izan da hautatuetako bat. Sailak izan dituzte jomuga baita; "Biga", "Gizajo baten egunkaria", "Superpatata"... Testuez gain, irudiak nagusi izandako komikien alde egin dute.

Denen ahotan, mezu bera errepikatu da. Haien gustuko liburuak gainerakoekin partekatu eta irakurtzera animatu dituzte. Izan ere, horretarako antolatu dute iaz bezala, hitzordu hau; irakurzaletasuna sustatzeko.