Bart, 19:00etan argiak itzali eta hasi da urteko iluntze ilunena. Hala abiatu dute aurtengo Gau Beltza. Ospakizunean murgiltzeko gogotsu ziren haurrek eta gaztetxoek jolasean ekin diote hitzorduari.
Multzoka banatu dira herrian zehar; Artzabalen, Aranerreka eta Errekatxikiko zelaigunean, Kalezarko plazan, Sagardoaren plazan... HH eta LH zikloetako haur eta gazte mordoa erakarri du hitzorduak, ezinbesteko bidelagun izandako gurasoekin batera. Izan ere, haiek arduratu dira antolaketa lanez. Horrez gain, beldurrekiko jolasen bidezko hartuemanetan bidelaguntza eskaintzen jardun dute.
Gazteenak ohi bezala, nagusiki naturaltasun handiz barneratu dira ilunpean eta antolatzaileek proposaturiko jolasetan. Nagusiki, bilaketa lanean murgildu dira, hezur, fitxa, kalabaza eta bestelako hainbat pieza aurkitu behar zituzten, edota bestelako hainbat jolasetan parte hartu, herrian bertan ditugun baliabideekin. Hala, Gau Beltzerako tramankulu erabilgarrietan bilakatu dituzte Artzabalgo tirolina edota Sagardo plazako iturria. Edabe magikoa prestatu dute Kalezarko plazan. Puzzlea osatu dute Aranerrekan, esaldi esanguratsua Errekatxiki inguruan.
Jolasean, beldurrekin aurrez aurre
Bitartekoak izan dira aipaturiko eta aipatu gabe utzitako ekimen guztiok; bitartekoak, askotariko beldurrak ikusgarri egin, landu eta aurre egiten ikasteko, taldeko jolas atseginen bidez. Jolasen bidez ere, gaztetxoek Hezur Lapur uxatzea zuten helburu nagusi.
Horretarako, aipatu moduan, askotariko beldurrei egin behar izan diete aurre; tartean, askotariko arima beldurgarriei ere. Komunitatean, ordea, ilunpean ere, izuari aurre egitea errazagoa eta egingarriagoa dela argi utzi dute, itxuraldatuta, mozorrotuta.