30. Artisau Azoka

Herri ordezkaritza, azokako hainbat postuetan

Noaua Aldizkaria

Aitzaga Elkarteak azaroaren lehen egun honetan plazan antolaturiko 30. Artisau Azokak herri parte hartze nabarmena sustatu du. Tokiko artisauek eta zenbait herri eragileek hartu dute ekimen horren eremua gaurkoan.

Herri honek ere bazuen zer erakutsia eta plazara atera dute gaurkoan ere. Aitzaga Elkarteak igande honetan, azaroaren lehenean antolaturiko 30. Artisau Azokan herri ordezkaritza zabala ikusi dugu askotariko postuen artean.

Batzuk, urtean zehar eskuz ondutakoa ikusgai eta eskuragarri jarri dute. Izan da, azoka jaki goxoekin dinamizatu duenik edota laguntza biltzeko posturik egokitu duenik ere bai. Beste behin, herri ordezkaritza zabala erakarri du Artisau Azoka honek ere.

Arropa eta osagarri diseinatuak, egurrarekin ondutako eskulanak... ikusgai eta eskuragarri jarri dituzte zenbait herrikideek. Haiez gain, azoka dinamizatu dute, antzeko hitzorduetan beti auzolanean gogotsu aritu ohi diren bi herri eragileek; Usurbilgo talogileek eta gaztaingileek hain zuzen. Hamaiketako ederra egiteko aukera eskaini dute.

Jaki goxoen prestaketa lanak zuzenean ikusteaz gain, haiek dastatzeko aukera ederra izan da. Ilara batek frontoia alderik alde zeharkatu du eguerdi partean.

Pilotalekuaren sarreran ziren gaztaingileak eta talogileak. Plazaz bestalde, bazkaloste edota afalosterako jaki ezin gozoagoak zerbitzatzen aritu dira Udarregi ikastolakoak. Ohi bezala, ikasturte amaierako bidaiarako dirua biltzen aritu dira.