30. Artisau Azoka

Eskulangileez eta bisitariz bete du plaza 30. Artisau Azokak

Noaua Aldizkaria

Aitzaga elkarteak antolaturiko 30. Artisau Azokari lekua egin dio herriko plazak azaroaren lehen egun honetan. Eskulangileez eta bisitariez bete da herri erdiguneko eremua.

Eskulangintzak bere egun seinalatua izan ohi du Usurbilgo herri bizitzan, Aitzaga Elkarteak antolaturiko Artisau Azokari esker. Azaroaren lehenengo egun honetan egiten dute urtero, tokiko nahiz Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako askotariko ogibideetan dihardutenen topagunea.

30. edizio borobil honetan ere frontoia eta Dema plaza hartu dute askotariko hamarnaka postuek. Bitxigintza, arropa, osagarriak, jakiak, artelanak, egurgintza...  Azokako postuok izan ohi dira egiten dutena erakutsi nahiz eskuragarri jarri eta eskuz sortutakoa ezagutu, ikusi eta eskuratzera doazenen arteko mugarria.

Postuon bidez irudikatzen dira bisitariak eta nola ez, sortze lanen atzean diren egileak. Batzuk eta besteak hartuemanetan, eskulangintzaz, interesa zuten erakusmahaietako produktuez aritu dira. Erosketak egiten nahiz osteratxoa egiten aritu da jendea. Oraingoan, ohi baino lehenago hasi da nabarmentzen bisitarien joan-etorria.

30 edizioen ostean, bizi asko segitzen du gure artean Artisau Azokak.