Honenbestez, indarrean da Usurbilgo HAPO-a. "Mugarria da Usurbilgo herriarentzat, HAPO-ak Usurbilek hurrengo 15 urteetan izango duen garapena finkatzen duelako", azaldu zuen udal gobernu taldeak, berriki eginiko agerraldi bidez.
Plan berriak 2004tik indarrean izandako arau subsidiarioak ordezkatuko ditu. Aurreko plan orokorrak 1992an eta 1964an onarturikoak izan ziren. Orduko haien moduan, "udalerriaren etorkizuneko antolamendua zehazteko oinarrizko tresna" gisa definitu zuten EH Bildutik, Usurbilgo herri eta auzoen errealitate propioak aintzakotzat hartzen dituena. Horregatik, hiru lurralde eremu osatu dituzte (Aginaga, herri erdigune ingurua eta Zubieta-Txikierdi) eta "bakoitzerako proposamen integralak". Alegia, udal gobernu taldearen esanetan, "kasik, eskuartean hiru HAPO ditugula esan dezakegu".
Plan osoa (hobeto garatzeko onartu gabeko Zubietako Errota eremurako proposamena salbu) indarrean da eta eskuragarri duzue usurbil.eus Udalaren atarian. "Hirigintza ekofeministaren irizpideak kontuan hartu" eta "gertutasunean eta ingurumenaren eta herritarren zaintzan oinarritutako ereduan sakontzen du HAPO-ak". Hala, "Usurbil jasangarriagoa, inklusiboagoa, onuragarriagoa eta bizigarriagoa" eraiki nahi du, udal gobernu taldearen esanetan, "euskara garapen komunitarioaren ardatz izango duena, inor baztertu edo atzean utziko ez duena, herrikideak zainduko dituena eta usurbildarren arteko berdintasuna eta justizia soziala izango duena aspirazio gisa".
Hazkuntza orekatua
Etxebizitza garapenari dagokionez, "usurbildarren beharrei erantzuteko, eredu desberdinak" proposatzen ditu HAPO-ak, aurreko planek sustaturiko "gehiegizko eraikuntza" ardatz izandako hiri garapena mugatzearekin batera. Horregatik, %15ean gutxitu dute etxebizitzen eraikitzea hurrengo 15 urteetan. 715 etxebizitza berri eraikitzea ahalbidetuko du plan berriak, %62a babestuak izango direnak (%48 babes ofizialekoak, %14 tasatuak): ia %11 Aginagan, %1,40 Txokoalden, ia %9 Zubietan eta gainerakoa, herri erdigunean. "Hazkuntza modu orekatuan eta jasangarrian" egingo da, herritarrak lehenetsi eta "usurbildarren beharrak erdigunean jarrita, ez merkatu logika". Horrez gain, "udalak promozio desberdinetatik lortutako etxebizitzak ere alokairura bideratuko lirateke".
Etxe atariei dagokienean, "kale biziak ditu helburu HAPO-ak, ez zonalde erresidentzial hutsak". Kalitatezko espazio publikoak sortu nahi dituzte, "baldintza klimatiko egokiekin eta eguneroko elkarbizitza errazteko". Horretarako, "eraikinen beheko oinen tratamenduari garrantzia handia eman zaio", ekipamendu publikoekin, komertzioekin, edota bizilagunen arteko harremanak sustatzeko eraikinetako kanpo zein barne espazioekin. Horrez gain, "hiri sistema efizienteak diseinatu dira, baliabideen kontsumoa gutxitu eta energia berriztagarriak sustatzeko".
Landa eremuan ere, baserrietan etxebizitza gehiago sortzeko aukera izango da. Segregazio horietatik eratorritako etxebizitza berriek prezio tasatua izango dute, EH Bilduren udal gobernu taldetik aditzera eman dutenez. Espekulazioari bidea ixteko babestutako etxebizitzak izango dira, udal gobernu taldearen esanetan.
Babes bereziko eremuak
Lurraren zaintza babestu eta hiri antolamendua jasangarria sustatuko du plan berriak. 2004tik urbanizagarri izandako hainbat lurzoru "ez urbanizagarri" gisa jaso ditu HAPO berriak. "18 hektarea gutxitu da, sailkatuta zegoenaren %9,4a izanik. Hiri garapenetik babestutako lur horietako asko balio agrologiko altuko lurzoruak dira eta nekazaritza erabilerarako babestuko dira". Horrez gain, "babes bereziko gune izendatu dira udalerriko natur balio handiko eremuak. Plan honek Usurbilgo ura babesteko neurriak ere proposatzen ditu"; besteak beste, Erroizpe ingurua babestea edota Oria inguruak lehengoratzea Zubietan, Zingirategin eta Zumartegin.
Energia kontsumoa murriztu, eraginkortu eta autokontsumoa sustatzeko energia berriztagarrien instalazioak erraztuko ditu HAPO-ak, eraikitako eremuak lehenetsiz. "Usurbil 0.0" bidean, hondakinak murriztu eta berrerabiltzea eta "hondakinak ahal dela bertan tratatzea bultzatuko da". Herri ondarea babestuko da, "katalogatu berri da Aranzadirekin".
Plan berriak, gainera, mugikortasun "jasangarria, unibertsala eta inklusiboa" sustatuko du. Udalak onartu berria duen Irisgarritasun Unibertsalerako Plan Integralaren ildotik, oinezko eta bizikleta bidezko herrigunearen eta auzuneen arteko lotune hobeak eta irisgarriagoak, lau igogailu berri eraikitzea (hiru jada eraikiak, laugarrena Kalezarko haur eskola atzealdekoa, Portalmuxuberakoa litzateke), N634 errepidean segurtasuna hobetu eta trafikoa baretzeko eskuhartzeak (biribilgune bana Txokoaldeko nahiz herri erdiguneko sarbideetan edota Txikierdiko bidegurutzearen birmoldatzea) edota garraio publikoa indartzea aurreikusten du HAPO berriak.
Jarduera ekonomikoei dagokienean, "helburua da, okupaturiko industria eremuak berrantolatu eta berreskuratzea, jarduera ekonomiko berriak erakartzeko, ahalik eta lurzoru berri gutxien okupatuz". Horrekin batera, tokiko merkataritzaren garrantzia aitortzen du HAPO-ak. Merkataritza gune handi berririk eraikitzea nahiz egungoa handitzea eragotziko du. Horrez gain, "lehen sektorearen garapen ekonomikoa sustatzeko lurrak nekazaritza erabilerarako babestea bermatzen da".
Usurbil herri zaintzailea izateko bidean, bestalde, HAPO-ak "komunitatea zaintzeko espazioei garrantzia handia ematen die. Hartara, ekipamendu komunitario sarea handitu eta espazio publikoen eta berdeguneen sarea ere indartzen da" herrigunean eta auzoetan.
Ibilbide luzea
EH Bilduren udal gobernutik jakinarazi moduan, 2014an hasitako ibilbide luzeko dokumentua da egun indarrean dena. "Dokumentu honen ernamuinean badago herritarren parte hartzea eta adostasuna", Usurbilgo alkatearen esanetan. Batetik, "nabarmentzekoa da, hainbat eremu garrantzitsuenetako lurjabeekin udal honek lortutako hirigintza hitzarmenak"; Zapategi, Olarriondo, Elutx eremuetakoak nahiz Kalezarko igogailua edota tren-geltoki berria eraikitzea ahalbideraturikoak.
Hamaika parte hartze prozesu egin da herritarrekin plan orokorra diseinatzeko; idazketa abiatzeko "Oraina da geroa" izenekoa 2014-15 artean, espazio publikoaren eta mugikortasun iraunkorraren plana idazteko "Usurbil Kale Irekiak" 2016an, Aginagako herrigunea antolatzeko prozesua 2017-18 artean, "Guk Zubietan zer?" izenekoa 2020an edota auzoa integralki landutako "Santuenea Elkarlanean" 2021-22 artean. Paraleloki, HAPO-an jasotako hainbat azterlan bideratu dituzte: diagnosia eta ingurumen aurrediagnostikoa (2014), aurrerakina eta hasierako dokumentua (2015), "Errioa Bizi!" Oria ibaiaren paisaiarako ekintza plana (2016), genero perspektibari eta espazio publikoari lotutakoa (2017), etxebizitzen azterketa (2020), genero inpaktuari buruzko eta ELE hizkuntza inpaktuari buruzko azterlanak (2020-21), Ingurumen Azterketa Estrategikoa, Inpaktu Akustikoaren Azterlana eta ondare azterketa (2022).
2022ko urrian hasieraz onartu zuten HAPO-a. 2024ko ekainean, aurretik aurkeztutako alegazioei erantzun zien udalbatzak. 2025eko urtarrilean behin-behinean onartu zuten. Beharrezkoa zen Foru Aldundiaren behin betiko onespena heldu da orain.