Usurbilgo jatorri aniztasuna ospakizun bilakatzen du urtero Mundualdiak. Aurtengo edizioa, azaroaren 7an izango da, herrikideen sorterrien elkargunea izango den jaialdia.
Aurtengo Mundualdia abiatzeak bat egingo du, udaberriaz geroztik Udalak eragile gehiagorekin lankidetzan antolatutako "komunitatetik, heriotzaz" zikloarekin. Dakizuenez, heriotzari ertz ezberdinetatik heltzen dio ekimenak. Datorren ekitaldia ostegunerako, azaroaren 5erako iragarri dute; "heriotza eta kulturartekotasuna" izango dute hizpide nagusia. "Lehenik, gaian aditua den Eduardo Ruiz Vieytez Deustuko Unibertsitateko irakasleak gaiaren inguruko sarrera eta kokapena egingo du. Ondoren, solasaldia izango da: Argeliako, Saharako, Euskal Herriko eta Venezuelako herritar banak parte hartuko dute, Trapezistak programako arduradun batek gidatuta".
Dastaketa musikatua
Mundualdiaren egun nagusia, larunbata azaroaren 7a izango da. "Urtean egun batez, herriko jatorri aniztasuna herriaren erdigunean jartzen du Mundualdiak: aisia, gastronomia eta musika uztartuta, jatorri desberdinen arteko herritarren topaketa eta elkar ezagutzea bultzatzea du helburu".
Goiz parterako, Zirimararen Familia Plana egingo da. Arratsalde partean, bestalde, arrakasta itzela izan ohi duen jakien dastaketa iragarri dute. Dakizuenez, askotariko sorterrietako herrikideek mimo ezin handiagoz sukaldaturiko jakiak sukaldatu eta eskaintzen dizkiete usurbildarrei.
Aurtengoan, hogei postu inguru erakarriko ditu hitzorduak, antolatzaileen esanetan. "Sahara, Nikaragua, Mongolia, Nigeria, Venezuela, Ekuatore Ginea, Mauritania eta Kolonbiakoak izango dira, besteak beste. Bi edo hiru herrialderen arteko postuak ere izango dira: Kuba, Ukraina eta Euskal Herria elkartuko dituena batetik, eta Polonia eta Argentina batuko dituena, bestetik", antolatzaileen esanetan.
Dastaketa musikatua izango da. Izan ere, Kolonbiako musikak eta dantzek girotuko dute arratsaldea. "Bi taldek parte hartuko dute: Walter Sanchezek saltsari gorazarre egingo dio, eta Asociación Cultural Integración Sin Fronteras elkarteak dantza kolonbiarren erakustaldia eskainiko dute".
