Azken urteon ildotik, Usurbilgo Udalak, herri hau kide duen UEMA-k eta EITB-k Euskal Telebistaren telesail ezagunaren denboraldi berriko lehen atala proiektatuko dute bitan, azaroaren 13an; 18:00etan eta 19:30etan Sutegiko auditorioan. Sarrerak aurrez eskuratu ahalko dira doan, usurbilkultura.eus plataforman. Sutegiko proiekzioen egun berean estreinatuko dute Pausokak ekoitzitako telesailaren lehen atala Makusin eta hilaren 20an, ETB1 katean.
EITB-tik aurreratua dutenez, ""Go!azen" telesailaren 13. denboraldian, Basakabi jada ez da udaleku bat izango, Wellington Music Academy entzutetsuaren Euskal Herriko egoitza baizik. Aukeraketa prozesua, ordea, ez da batere gardena izan, eta horrek arazoak ekarriko dizkie bi zuzendariei, hots, Maitaneri (Nerea Arriola) eta Garaziri (Nerea Elizalde)". Hain zuzen, "Garazik behartuta, uda Basakabin igaroko du berriz ere Alaiak (Adriana Sanchez) eta ikasle esperientzia errepikatzeko prest izango dira, halaber, Bosko (Ander Ayerza), Izar (Irati Marin), Roke (Jon Alonso), Karla (Ainhoa Tabuyo), Maren (Leire Nuñez) eta Joritz (Julen Taboada). Ikusteko dago, ordea, nork gainditu duen benetan Wellington Music Academyren hautaketa proba".
Haiez gain, "udako musika eskola honetan sartzeko azterketa zorrotz bat gainditu duten hiru ikasle ezagutuko ditugu: Ilargi (Maren Alonso), Kaia (Ane Sarasua) eta Luka (Gaizka Fernandez). Horiekin batera, Wellington Music Academytik etorritako musika irakasle berria: Imanol (Iñigo Gastesi)".
Abadia Saria
EITB-k berak jakinarazi moduan, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero emandako aurtengo Abadia Saria jasoko du "Go!azen" telesailak, Aldunditik bertatik aditzera eman moduan, "gazteen artean euskararen erabilera sustatzeagatik “modu erakargarri, natural eta iraunkorrean”. Hamahirugarren denboraldia estreinatzear duen telesailak eginiko ekarpena nabarmendu dute, “euskal hizkuntzarekiko eta kulturarekiko atxikimenduan” eta “balioen transmisioan”.
26. aldiz banatuko du Foru Aldundiak sari hori. Euskararen normalizazioaren aldeko lanean nabarmendutako hainbat pertsona edo elkarteren jarduna aitortu ohi du Abadia Sariak.
Euskarazko eskaintza zabaltzeko
Badira zenbait urte, aipatu telesailaren denboraldi berriaren hasiera Sutegin ikusteko aukera eskaintzen hasi zirenetik. Proiekzioaren lankidetzan dira Udala, udalerri hau kide duen UEMA (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) eta EITB. Hain zuzen, UEMA-k eta EITB-k sinatutako hitzarmenaren testuinguruan antolatu ohi dira hitzorduok udalerri euskaldunetan; tartean, aipatu moduan, Usurbilen. "Udalerri euskaldunetan euskarazko ikus-entzunezkoak areago zabaltzea" dute xede nagusia. "Izan ere, azken ikerketek argi erakutsi dute euskarazko kultur kontsumoa erdarazkoen oso azpitik dagoela. Euskal Herri osoan gertatzen da hori, baita udalerri euskaldunetan ere. Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruz UEMAk 2022an argitaratutako ikerketak ere azalarazi zuen pantailetan erdarazko edukiak ikusten dituztela batez ere haurrek, nerabeek eta gazteek, eta horrek eragin nabaria du hizkuntza-ohituretan".
Errealitate hori eraldatzeko ahaleginaren, euskarazko eskaintza zabaltzeko saiakeraren baitan kokatu behar dira proiekziook. 