Azaroaren 8an

Haurrei zuzenduriko zine zikloaren itzulera

Noaua Aldizkaria

Udazken betean sartuta, bueltan dator Usurbilgo Udalak eta Ziortza Gazte Elkarteak negu amaierara arte eskaini ohi duen haurrei zuzenduriko euskarazko film proiekzioen zikloa. Lehen emanaldia, igande honetarako, azaroaren 8rako iragarri dute.

Usurbilgo Udalak Ziortza Gazte Elkartearekin lankidetzan udazken eta negu parterako antolaturiko gaztetxoentzako euskarazko zine zikloa bueltan da. Hilean behin, igande arratsaldez, Sutegiko auditorioko butaketan eroso jarri eta euskarazko filmeez gozatzeko aukera izango dute gaztetxoek.

Aurtengo zikloa, igandean, azaroaren 8an abiaraziko dute. “Patrick. Heroi txikiak. Balentria handiak” izeneko filma proiektatuko dute. Arratsaldeko 17:00etan Sutegiko auditorioan eskainiko duten ikus-entzunezkorako sarrerak aurrez eskuratu beharko dira 3,30 euroren truke, usurbilkultura.eus plataforman.

Hemen, filmaren aurrerapena: “Patrick izeneko hegal bakarreko tximeleta ausart eta maitagarri bat atoi batean ezkutatzen da bere bizitzako bidaia egiteko. Bere lagunik onenarekin, Marty izeneko beldarrarekin, eta Jenniferrekin, altuerari beldur dion tximeletarekin, ustekabeko heroi bihurtuko da. Baina, horretarako, bere beldur handienari aurre egin eta bere berezitasuna onartu beharko du zoritxarraren gainetik garaile ateratzeko, klima-ereduen aldaketen, gizakien eta mendeku bila dabiltzan hiru txori gaiztoen aurka borrokatzen den bitartean”.

Aurrerapena bera, iruditan ikus dezakezue, albiste honi atxikitako bideoan.