"Markesaneko petriletik" heldu da albiste hau. Izan ere, Kale Nagusiko Saroe jauregia film baten filmazio eremuan bilakatuko dute egunotan. "Errementari" (2017), "Irati" (2022) eta "Gaua" (2025) sorkuntza lan ezagunen ondotik, haien guztien zuzendari Paul Urkijo laugarren film luzea grabatzen hasi da berriki: "Hiru olatuak" izenekoa hain zuzen.
Aurreko sorkuntza lanak iragan urrunean girotu ostean, laugarrena orainaldian kokatuko du. "Itsasoan ezkutatzen diren arriskuei eta itsasoak jainko atabiko, pagano eta beldurgarri gisa duen botereari" buruzko istorioa da. "Pelikulak Isaac (Iñigo Aranbarri) du protagonista; laster aita izatekoa den gizon hau atsekabetuta bizi da, duela hogeita hamar urte itsasoan ito zen aita ezin ahazturik. Marta emaztearekin (Fariba Sheikhan) bere jaioterrira itzultzean, aita berragertu dela deskubrituko du eta euskal kostaldeko Hiru Olatuen tokiko kondaira misteriotsuarekin zeharo obsesionatuko da".
Euskal aktore ezagunak ari dira parte hartzen filmaketan: aipaturiko Aranbarri eta Sheikbanekin batera, Urko Olazabal, Iñaki Beraetxe, Ramon Agirre, Karmele Larrinaga, Belen Cruz, Iñake Irastorza, Goize Blanco, Elias Garcia eta Mikel Losada agertuko dira ikus-entzunezko lan horretan.
Ez dakigu denak baina batzuk ziur baietz, Usurbilen izango ditugu egunotan. Izan ere, film horren zenbait pasarte Usurbilen grabatuko dituzte egunotan, Saroe jauregiaren barruan hain zuzen, Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez.
Trafiko-mozketa puntualak
Ikusgarri Films eta Irusoin ekoiztetxeen lanaren filmaketa tarteko, astearte arratsaldeko 18:00etan hasi eta ostiral iluntzeko 20:00ak arte, azaroaren 3tik 6ra beraz, Kale Nagusiko zenbait aparkaleku erreserbatuak egongo dira. Horrez gain, Udalak ohartarazi duenez, “grabaketak barrualdean izango badira ere, tarteka, trafiko-mozketa puntualak ere eragin ditzake”. Potxoenea ere baliatuko dute, aldagela gisa.