Izatez, azaroa izan ohi da urteko hilabete bizienetako bat Usurbilen. Aurtengoa ez da salbuespena izango. Izan ere, hamaika ekimen antolatu dira asteotan. Aitzaga elkartearen 30. Artisau Azokarekin abiarazi genuen hilabetea eta tankera berean agurtuko dugu, azken asteburuko beste bi azokekin: hilaren 28ko Hurbilagoren Udazkeneko Azokarekin eta biharamunean, bozketa egunarekin egokituko den mende laurdeneko Erle Egunarekin.
Hurbilagoren azokak askotariko merkatari, artisau eta sortzaileen postuak erakarriko ditu Ziortza Gazte Elkartekoen tailerrekin eta egun horretan egin asmo duten 650 Usurbil Bizi Otarren aurkezpenarekin batera. Urteko azoka gozoenak, bestalde, 25. Erle Egunak alegia, zapore horretako askotako postuak izango ditu. Erleak, eztia ikusi eta dastatu ahalko da. Lehiarako tarterik ere izango da; marrazki, postre eta nola ez, ezti txapelketekin.
Espainiako Gorteak berritzeko (Madrilgo Diputatuen Kongresua eta Senatua) azaroaren 29rako deitutako hauteskundeekin egokituko da Erle Eguna. Hainbat herrikide ariko dira auzolanean herritarren botoak biltzen, egun osoz, herriko zortzi hauteslekuetan.
Euskararen Astea
Asteburu berean, lehenagotik hasitako abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, hainbat herri eragileek antolaturiko Euskararen Asten barneratuak egongo gara. Hilaren 21ean, "Muxu bete arte" ikuskizun berria aurkeztuko digute Porrotxek, Marimototsek, Pupuk eta Lorek Oiardo kiroldegian, NOAUA! K.E.-ren eta Usurbilgo Udalaren eskutik. Astebete geroago, Aginagako Eliza Zaharra Elkarguneak antolaturiko Euskararen Gala bizi eta estimatua egingo da, askotariko sortzaile ezagunekin.
Hilabete amaierara arte iraungo du (eta abenduan segida izango du), bestalde, Sutegi udal liburutegiak udazken honetarako antolaturiko ekitaldien ziklo oparoak.
Greba orokorra
Mobilizazioei dagokienean, gogoan izan, etxebizitza eta soldata duinen aldeko greba orokorra deitua dago azaroaren 11n. Usurbili dagokionean, bezperan hasiko dira mobilizatzen kanpaldi batekin Mikel Laboa plazan. Gerora, Sareren azken ostiraletako azkenaurreko mobilizazioa biziko dugu, abenduko ziklo amaieraren atarian. Añorga eta Usurbil arteko bidegorria aldarrikatzeko, bestalde, bizikleta martxa antolatu du Sortalde Usurbilgo Energia Berriztagarrien Komunitateak azaroaren 14an.
Txalaparta Festa eta Mundualdia
Hilabete honetako ospakizun egunetako batekin egokituko da ekimen hori. Izan ere, hilaren 14an ospatuko da Jexux Artze K.E.-ren eskutik, Txalaparta Festa. Astebete lehenago, larunbat honetan, herri honetako bizilagun ororen sorterrien topalekua izango da herri hau, Mundualdia jaialdiarekin. Zirimarak familia plana iragarri du eta ez da faltako jakien dastaketa famatua; aurtengoan, Kolonbiako musikak eta dantzek giroturikoa.
Kantuan eta bertsotan
Hilabete hau musikatuko du ere Mikel Urdangarinek bakarlari moduan ostiralean, hilaren 6an Aginagako Eliza Zaharrean eskainiko duen kontzertuak, Zumarte Musika Eskolak Santa Zeziliren omenez egingo duen kalejirak eta haren osteko Sutegiko kontzertuak edota Ignacio Arakistainekin Salbatore elizan antolaturiko organo-kontzertuak.
Azken larunbatean, Usurbilgo Euskal Kantu Taldea kalez kale ibiliko da kantuan eta bertsotan ariko dira Andoni Egaña zein Iñigo Mantzizidor "Mantxi" Zubietako elizan hilaren 13an, Xabier Alberdi Lonbide historialariak bertako hainbat pasarteei buruz eginiko kontakizunaren harira, "Herrimamituz" izeneko saioan.
"Go!azen"
Ikus-entzunezkoei dagokienez, itzulera bikoitza biziko dugu asteotan. Batetik, haurrei zuzenduriko euskarazko zine zikloaren lehen proiekzioa eskainiko dute hilaren 8an Udalak eta Ziortza Gazte Elkarteak; “Patrick. Heroi txikiak. Balentria handiak” izenekoa. Bestalde, "Go!azen" telesailaren hamahirugarren denboraldiko lehen atala Sutegin estreinatuko dute hilaren 13an. Horrez gain, azaroko azken ostegunean segida izango du helduenei zuzenduriko Txirikordako zineforumak.
Bizipoza jardunaldia
Hitzaldi eta jardunaldietarako tartea ere eskainiko du hilabete honek. "Emakumea eta ariketa fisikoa" hizpide izango duen saioa gidatuko du Agurtzane Alkorta Urdanpilleta herrikideak azaroaren 13an. "Gure erabakitzeko ahalmena osasun sistemaren aurrean" izeneko tailerra bideratuko du Hil Arte Bizi egitasmoko sustatzaile Nere Erkiagak hilaren 16an. Hiru egun geroago, "Euzkadiko borrokalarietako bat naiz. Internazionalistak Gipuzkoan 1936ko Gerran" liburua aurkeztuko dute Usurbil 1936 elkarteak antolaturiko hitzorduan. Azkenik, hilaren 21ean, "Nola kokatu haurren eskubideak erdigunean? Eta errealitate bihurtu?" izeneko Bizipoza jardunaldiaren hamargarren edizioa egingo da Sutegin.