650 Usurbil Bizi

Ondarea eta errioa, hurrengo bisita gidatuen erdigunean

Noaua Aldizkaria

650 Usurbil Bizi herri egitasmoko datozen bisita gidatuen artean, bi 2026ko Ondarearen Europako Jardunaldien baitan eskainiko dira. Bestalde, azaroaren 22rako "Errioaren Usurbil" izeneko hitzordua iragartzen hasiak dira.

Hilabete berezi askoa abiatu du 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak, bisita gidatuei dagokienean. Izan ere, Usurbilgo herri nortasunean nahiz bertan abian diren proiektu eraldatzaileetan oinarrituriko bestelako turismo eskaintza sustatzen segitzeko urte bukaerara arteko bisita gidatuen eskaintza plazaratua du 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak.

Datozen bisita gidatuen artean, bi 2026ko Ondarearen Europako Jardunaldien baitan eskainiko dira; asteburu honetakoak hain zuzen, azaroaren 7 eta 8koak hurrenez hurren.

"Ondarea biziberritu, babestu eta bere etorkizuna berriz irudikatzeko" gipuzkoarren esku jartzea dute xede nagusia, Ondarearen Europako Jardunaldiek. "Gure eskuetan" aldarria hautatu dute hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolaturiko zikloaren hamargarren ediziorako. Europako Kontseiluak sustaturikoak dira, Europar Batasunaren lankidetzarekin eta erakunde gehiagoren parte hartzearekin. Ekimenak "Ondare Kulturalari buruzko sentsibilizazioan sakondu nahi du".

Europako Kontseiluak 1991. urtean abiarazitako egitasmoak "gure ondareari eragiten dioten arrisku desberdinen kontzientzia sortzen lagunduko dute, ingurumeneko, gizarteko eta teknologikoko presioek eraginda, eta geratzen den ondarea nola kontserbatu eta baloratu aztertzeko hausnarketa sortuko du".

Edizio honetako eskaintza "arriskuan dagoen kultura-ondarearen inguruan egituratzen da, hiru lan-ildorekin: biziberritzea, eustea eta berriz irudikatzea", antolatzaileen esanetan.

157 ekintza antolatu dituzte udazken honetarako, irailetik azarora, Gipuzkoako 36 udalerrietan; tartean, azken urteotan gertatu bezalaxe, Usurbilen.

Horrekin batera, azaroaren 22rako hitzordu berezia iragarri dute. "Errioaren Usurbil. Oraingoz, horixe besterik ez dizugu esango. Gorde dat. Laster kontatuko dizugu gehiago!", iragarri dute 650 Usurbil Bizi herri egitasmotik.


650 Usurbil Bizi: datozen bisita gidatuak
Azaroak 7, larunbata
11:00-12:15 Gerraren memoria ibilbidea bisita gidatua.

Azaroak 8, igandea
11:00-13:15 Bisita gidatu konbinatua: Museo Irekia eta Zumeta Arte Estudioa.

Azaroak 22, igandea
Errioaren Usurbil.

Azaroak 25, asteazkena
10:00-11:00 Zero Zabor bisita gidatua.

Azaroak 27, ostirala
10:00-11:30 Zaintzaren Usurbil bisita gidatua.

Abenduak 12, larunbata
11:00-12:30 Salbatore elizaren ondarea eta organo erakustaldia (gaztelaniaz).

Abenduak 18, ostirala
10:00-11:30 Zaintzaren Usurbil bisita gidatua.

Informazio gehiago eta erreserbak: 650usurbilbizi.eus