#A11

Mikel Laboa plazako kanpaldiarekin barneratuko da Usurbil, azaroaren 11ko greba orokorrean

Noaua Aldizkaria

Etxebizitza eta soldata duinen alde sindikatuek azaroaren 11rako deitutako greba orokorrera begira, Usurbilen osaturiko herri batzordeak prest ditu mobilizatzeko deialdiak. Bezperan, azaroaren 10ean Mikel Laboa plazan kokaturiko herri kanpaldiarekin abiaraziko dituzte ekimenok.

Etxebizitza eta soldata duinen alde LAB, ELA, ESK, STEILAS ETXALDE, HIRU sindikatuek Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin eta Etxebizitzaren Sindikatu Sozialistarekin batera, azaroaren 11rako deitutako greba orokorrerako astebete baino ez da falta.

Deialdia Usurbilen nola herriratuko den zehaztu du, zereginotan lanean diharduen herritarren batzordeak. Bezperan, hilaren 10ean ekingo diete mobilizazioei, Mikel Laboa plazan kokatu asmo duten kanpaldiarekin. Kanpaldi horrekin bat egiteko deia egin diete usurbildarrei.

Biharamunean, herri argazkia atera edota eguerdian Gipuzkoa mailako manifestazio nagusiarekin nahiz arratsalde partean, eskualde mailako Lasarte-Oriako mobilizazioarekin bat egiteko gonbita egin dute. Segidan duzue, datorren greba orokorrera begira, azken orduotan Usurbilgo LAB Asanbladak  plazaraturiko mobilizazioen zerrenda. "Azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak beteko ditugu!", adierazi dute sare sozialen bidez. "Euskal Herrian etxebizitza eta soldata duina denontzat", horixe aldarrikatu dute, "lanean eta etxebizitzan langileoi lapurreta egiten digun patronalari aurre egiteko; Euskal Herrian egiten ari garen eraldaketa sozialerako prozesuari bultzada emateko; edota politika neoliberalen eta diskurtso antipolitiko eta filofaxisten aurrean, langileen aldeko politikak aldarrikatzeko".

Azaroaren 10eko eta 11ko mobilizazioetara "batu zaitez" egin diete gonbita usurbildarrei.


Greba orokorra
Azaroak 10, asteartea
18:00 Kanpalekuaren muntaketa Mikel Laboa plazan. Etorri zure kanpinarekin!
20:00 Asanblada informatiboa eta propaganda bira herrian zehar.
Ondoren, afari autogestionatua kanpalekuan.
22:00 Kale bira.

Azaroak 11, asteazkena
05:00 Grebalarien bilkura kanpalekuan.
09:00 Grebalarien gosaria kanpalekuan.
10:00 Usurbildarron herri argazkia: "Etxebizitza eskubidea, ez negozioa".
10:45 Kotxeen juntadizoa: Denok Donostiko mobilizaziora!
11:45 Azaroaren 11ko mobilizazioa Donostian: Amarako Anoetako zutabera.
17:00 Ikurren prestaketa eta banaketarako topaketa.
17:30 Lasartera herri martxa.
18:30 Mobilizazioa Lasarten.

Antolatzailea: Usurbilgo LAB Asanblada.