“Gabon dugu anuntzio” izeneko emanaldia eskainiko du herritar talde batek azaroaren 28an, goizeko 10:30etan, Arantzazu Santutegian, Basilikako koruan. Emanaldi horren sorkuntza lanak abiaturikoa Joan Luis Atxega herrikidea da, Usurbilgo Organoaren Lagunak taldeko kidea. “Arantzazun sortutako 350 gabon kanta musikatu ditu” Urdaiagakoak.
Hitzordu horretan, “gabonetako abesti horien entrega egingo die Joan Luis Atxegak berak Arantzazuko Frantziskotarrei”. Horrez gain, aipatu moduan, kanta horiek ardatz dituen emanaldia eskainiko dute santutegian bertan. Atxegak berak organo jole gisa parte hartuko du. Baina berarekin batera herrikide gehiago ere izango dira emanaldian abesten. Arantzazu Aranburu, Josune Aranburu, Maria Arruti eta Juan Ignacio Larreak osatuko dute kantarien taldea.
Emanaldirako sarrera kopurua mugatua izango da. Izena ematerakoan 5 euro ordaindu beharko dira, bazkideek doan eskuratu ahalko dituzte, bideotatik: 688 613 840 / adiskideak@arantzazu.org
Udazkeneko organo kontzertua
Organoaren Lagunak aipatuta, Fray Jose Echebarria Elkartearekin, Usurbilgo parrokiarekin eta Usurbilgo Udalarekin batera, udazkeneko organo kontzertua antolatu dute azaroaren 20rako arratsaldeko 19:0etan Salbatore elizan. Ignacio Arakistainen emanaldia izango da. Azpeitiako organista eta musikaria da. “Musikene eta Vienako Unibertsitatea bezalako erreferentziazko zentroetan hezia, Europako hainbat herrialdetan errezitaldiak eskaini ditu eta musika, tradizioa eta esperimentazioa uztartzen dituzten proiektuetan aktiboki laguntzen du”. Bere egungo “irakaskuntza-lana jarduera artistiko biziarekin uztartzen du”.