Sorterri ezberdinetako herrikideek heriotza nola bizi duten azaldu ostean, Mundualdiaren egun nagusian murgilduko da udalerri hau, larunbatean, azaroaren 7an. "Urtean egun batez, herriko jatorri aniztasuna herriaren erdigunean jartzen du Mundualdiak: aisia, gastronomia eta musika uztartuta, jatorri desberdinen arteko herritarren topaketa eta elkar ezagutzea bultzatzea du helburu".
Goiz parterako, Zirimararen Familia Plana egingo da. Arratsalde partean, bestalde, arrakasta itzela izan ohi duen jakien dastaketa iragarri dute. Dakizuenez, askotariko sorterrietako herrikideek mimo ezin handiagoz sukaldaturiko jakiak sukaldatu eta eskaintzen dizkiete usurbildarrei.
Aurtengoan, hogei postu inguru erakarriko ditu hitzorduak, antolatzaileen esanetan. "Sahara, Nikaragua, Mongolia, Nigeria, Venezuela, Ekuatore Ginea, Mauritania eta Kolonbiakoak izango dira, besteak beste. Bi edo hiru herrialderen arteko postuak ere izango dira: Kuba, Ukraina eta Euskal Herria elkartuko dituena batetik, eta Polonia eta Argentina batuko dituena, bestetik", antolatzaileen esanetan.
Dastaketa musikatua izango da. Izan ere, Kolonbiako musikak eta dantzek girotuko dute arratsaldea. "Bi taldek parte hartuko dute: Walter Sanchezek saltsari gorazarre egingo dio, eta Asociación Cultural Integración Sin Fronteras elkarteak dantza kolonbiarren erakustaldia eskainiko dute".
