Bueltan dator, gaurkotasun eta interes nabarmeneko gaiak ahotan hartu eta haiei buruz ikasi, hausnartu eta esperientzia zein bizipenak bizipozetik partekatzeko unea. 10. Bizipoza Jardunaldia egingo da azaroaren 21ean Sutegiko auditorioan. Edizio borobila ostiral honetan, azaroaren 6an aurkeztu dute Potxoenean. Oraingo honetan ere, bizipozetik, ertz askoko eta sakonera handiko gaia izango dute mintzagai: "nola kokatu haurren eskubideak erdigunean? Eta errealitate bihurtu?". Hortxe jardunaldiaren izenburua. Izen-ematea jada zabalik dute. Esteka honetan bidera dezakezue: labur.eus/bizipoza10
Erronka, "eskubideen bide-orria idaztea"
Edizio honek badu berrikuntzarik. Izan ere, oraingoan bi jardunaldi egun antolatu ditu Bizipoza elkarteak; hilaren 21ean Usurbilen, eta astebete geroago, azaroaren 28an Bilbon. Izan ere, Bizkaiko hiriburuan elkarteak egoitza izango du etorkizunean. "Aurten, haurren eskubideak izango ditugu hizpide", aurreratu dute antolatzaileek. Iragarri dutenez, "haurren bizi-proiektuak garatzeko beharrezkoak diren eskubideen inguruan hausnartu eta bidea egingo dugu elkarrekin".
Bizipoza elkarteak antolaturiko Usurbilgo jardunaldiaren laguntzaileak dira Usurbilgo Udala, Kutxa Fundazioa, Rural Kutxa, Irizar, Maier, Mitxelena, LagunAro eta Gipuzkoako Foru Aldundia.
Bizipoza elkarteko ordezkari Garazi Oregik gaurko agerraldian jardunaldion helburu nagusia zehaztu du "haurren bizi-proiektuak garatzeko beharrezkoak diren eskubideen bide-orria idaztea guztion artean".
Soka-dantza
Bi bloke izango ditu Sutegiko jardunaldiak. Lehenbizi, haurren eskubideak arlo ezberdinetatik aztertuko dituzte. Bigarren tartean, urtero moduan, jardunaldiko gaia hizpide hartuta, Bizipozako zenbait elkarteetako ordezkariek hartuko dute hitza. Haurren eskubideen inguruko gertuko bizipenak partekatuko dituzte auditoriora joandakoekin.
Gogoan izan, Usurbilgo zein Bilboko jardunaldiok azaroaren 20ko Haurren Nazioarteko Egunaren eta azaroaren 30eko Herri Hezitzaileen Nazioarteko Egunaren artean egingo dira. Hilaren 30eko deialdi horren harira, jardunaldiko hamaiketako tartea girotua izango dela iragarri dute. Izan ere, Usurbil Oinherri herri hezitzaileen sarean dago. Euskal Herri hezitzailea eraikitzen diharduen bilguneak soka-dantzan batzera deitu dute. 10. Bizipoza Jardunaldia baliatuko dute horretarako. "Hamaiketakoan zehar, soka-dantza egingo dugu guztion artean, Herri Hezitzaileen Nazioarteko Eguna ospatzeko".
Elkarteen topagunea
Antolatzaileek gogora ekarri moduan, "urtero antolatzen diren jardunaldiek helburu bikoitza dute: elkarte guztiak elkartu eta bakarrik ez daudela, elkarren babesa sentitzea helburu dute batetik. Bestetik, elkarteen interesekoak diren gaiak landu, esperientziak partekatu, eta mahainguruetan parte hartuz , tresna desberdinak eskuratzea dute helburu".
Askotariko elkarteen bilgunea da Bizipoza. Izaera bereziko gaiak azalaraztea du erronken artean, "ume zein heldu euskararen bidez sentsibilizatuz". Horrekin batera, "errealitate horiek lantzen dituzten elkarteei laguntza afektiboa ez ezik, eguneroko lanerako dituzten premiei erantzuteko baliabide funtzionalak lortzeko laguntza" eskaintzen dihardute. Azkenik, "gizartegintzan euskaraz eta bizipozez jardun nahi duten herritarrei auzolan egitasmo eraginkorra" eskaintzen die, "boluntario sare bat osatuaz".
Helburuok bideratzeko, beste hainbat ekintzen artean, lerrootan mintzagai ditugun jardunaldiok antolatzen ditu. Iazkoan, heriotzaren pedagogia izan zuten hizpide. Aurreko edizioetako jardunaldien berri esteka honetan eskura dezakezue, baita aurtengo ediziorako izen-ematea ere: https://bizipoza.eus/jardunaldiak/ . Atari berean, Bizipoza elkarteari buruzko informazioa jaso dezakezue.
10. Bizipoza Jardunaldia
Eguna: azaroak 21, larunbata.
Ordua: 09:30-13:30.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Jardunaldiaren izenburua: "Nola kokatu haurren eskubideak erdigunean? Eta errealitate bihurtu?".
Zehaztasunak: "Bizipozak, eragiteko helburuaren barruan, haurren oinarrizko eskubideen inguruko lanketa abiatu zuen urtarrilean. Jardunaldi hauetan, gurasoak, irakasleak, familiak, elkarteak eta instituzioak elkartuko gara elkarlanerako bide-orri bat eraikitzeko, haur guztiek beren bizi-proiektua garatzeko behar dituzten eskubideak bermatzeko".
Egitaraua:
-Haurren Eskubideen Euskal Herriko Batzordearen Kokapena: Garazi Oregi (Bizipoza elkartea).
-"Haurren eskubideak zeharkatuz" teknikarien mahaingurua. Hezkuntza-arlotik, arlo juridikotik, gizarte-zerbitzuenetik eta osasun-arlotik aztertuko dute gaia. Hizlariak: Felix Arrieta gizarte zerbitzuetan aditua, Peio Manterola EHU-ko irakaslea, historialaria eta ikertzailea, Zelai Nikolas legelaria eta Nagore Garcia de Andoin haur onkologoa.
-Hamaiketakoa eta soka-dantza.
-"Elkarteak eta haurren eskubideak: nondik hasi?" Bizipozako elkarteen mahaingurua. Bertan parte hartuko dute Aspanogi, Hil Argi, Ndank Ndank, Pausoka eta Ume Alaia elkarteek.
Izen-ematea: labur.eus/bizipoza10
Informazio gehiagorako: https://bizipoza.eus/jardunaldiak/
Antolatzailea: Bizipoza elkartea.
Laguntzaileak: Usurbilgo Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kutxa Fundazioa, Rural Kutxako Gizarte Ekintza, Irizar, Maier, Mitxelena, Lagun Aro.