10. Bizipoza jardunaldiaren aurkezpena

"Sistemak erronka asko ditu haur eta nerabeen eskubideak bermatzeko"

Noaua Aldizkaria

Haurren eskubideak hizpide izango ditu azaroaren 21ean Sutegin egingo den 10. Bizipoza Jardunaldiak. Hitza hartuko dutenen artean izango da, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta gizarte zerbitzuen arloko aditu Felix Arrieta.

Azaroaren 21ean Sutegin egingo den 10. Bizipoza Jardunaldia aurkeztu dute ostiral honetan, azaroaren 6an, Potxoenean. Hitza hartu dutenen artean izan dira antolatzaileak eta parte hartzaileak. Tartean zen, Deustuko Unibertsitateko Giza eta Gizarte Zientzietako Fakultateko irakasle eta gizarte zerbitzuen eta zaintza ereduaren eraldaketan aditu Felix Arrieta. 

Eskertu egin nahi izan die antolatzaileei, garrantzitsutzat jotako jardunaldiko gai eta erronkari heltzeagatik. Donostiarrak gizarte zerbitzuen arlotik aztertuko da gaia azaroaren 21eko hitzorduan. "Ez da kasualitatea, hau Usurbilen hastea, hortik ere bigarren eskertza. Etxean sentitzen naiz".

Tokiko esperientziak
Bizipoza elkarteak aurtengorako duen erronka bikoitza, jardunaldiok Usurbilen eta Bilbon antolatu izana nabarmendu du. Izan ere, "hori da gizarte zerbitzuen sistemaren erronkarik nagusietakoa, zatikatzea, nola egiten diren sarerako elementuak, nola gainditzen ditugun zailtasun horiek".

Askotariko esperientziak egon arren, tokikotasunetik egindako ahalegina goraipatu du Arrietak. "Esperientziak asko daude toki mailan. Toki mailatik gertatu behar dira" izan beharreko eraldaketak, bere esanetan, erronka nagusira gerturatzen joateko.

"Sistemak erronka asko ditu pertsonak erdigunean jartzeko, pertsonari gauzak errazteko eta haur eta nerabeen eskubideak bermatzeko". Eskubideak bermatzeari buruz ariko dira hilaren 21ean Sutegin.  "Horixe komentatuko dugu; nola egin dezakegun Usurbilen, hain ondo inplementatu duzuen begirada ekosistemiko hori, batzen dituenak baliabide publikoak, komunitarioak, begirada komunitario eta publiko hori adin txikikoengana ere iritsi dadin, eta iritsi dadin benetan, elkarteek mahai gainean jarritako logika horren bitartez, zailtasun horiek guztiak ez daitezen zailtasunak izan eta sistemak benetan bermatu ditzan pertsona horiek behar dituzten eskubideak".