10. Bizipoza Jardunaldiaren aurkezpena

"Lan handia dugu, denona eta denontzat izango den Usurbil eraikitzeko"

Noaua Aldizkaria

"Nola kokatu haurren eskubideak erdigunean? Eta errealitate bihurtu?" izeneko 10. Bizipoza Jardunaldia egingo da azaroaren 21ean Sutegin. Ostiral honetan, azaroaren 6an aurkeztu dute aurtengo edizioa. Hitzorduarekin bat eginikoen artean da Usurbilgo Udala.

Agerraldian hitza hartzen lehenengoa hain zuzen, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesa izan da. Urtero moduan, ohoretzat jo du, "Usurbil Bizipoza Jardunaldien topalekua izatea" eta aukera ezinhobetzat "Usurbilgo hezkuntza komunitate zabalarentzat eta orohar, usurbildarrentzat ere aukera badirela topaketok, azken batean, bertan lantzen diren gaiak beti oso interesgarriak eta gaurkotasun handikoak izaten direlako. Ondorioz, herrian bertan halako hausnarketa eta ikasketa gune bat eduki ahal izatea aukera ederra da".

Aurtengo gaia ere horren guztiaren ispilu argia izango da, alkatearen esanetan, gaurkotasun handikoa, "eskubide sozial ugari kolokan egon daitezkeen testuinguru global batean". Gogora ekarri du hain justu, jardunaldi hau azaroaren 20ko Haurren Nazioarteko Egunaren biharamunean egingo dela. Horregatik, gogora ekarri du, "garapen bidean dagoen pertsona bereziki kaltebera" izanik, pertsona ororen giza eskubideei eransten zaizkien eskubideak direla haurrenak, 1959an Nazio Batuen Batzar Orokorrak aldarrikaturikoak, 30 urte geroago, 1989ko azaroaren 20an herrialde gehienek berretsitako hitzarmenean bildutakoak.

Zaintzaren herri estrategiarekin bat
Ordutik, ia lau hamarkada igaro diren honetan, "bermatzen al dira haurren eskubideak? Errealitate al dira?" galdetu du Solaberrietak gaurko agerraldian. Gai horretan sakontzeko aukera izango da hilaren 21ean Sutegin, "umeen eskubideak erdigunean jarri eta horiek nola egikaritu, bermatu, elkarrekin hausnartu, pentsatu eta elkarrekin ekiteko".

Udalak bat egin du jardunaldiokin,  "goiburuko galderak instituzioak ere interpelatzen gaituela ulertzen dudalako, guk ere gurean badugulako zer begiratu eta zer hausnartu, are Usurbil herri zaintzailea izateko helburua ezarria dugun aldetik". Gogora ekarri du, orain arteko zaintza antolatzeko moduak egungo behar sozialei erantzuten ez ziotela ikusita, zaintzak eraldatzeko Usurbilen abiarazitako herri estrategia. "Urteotako lanketa kolektiboak ahalbidetu du, pertsonak ardatzen dituen zaintza komunitarioaren inplementazioan aurrera urratsak egitea eta pertsona helduen zaintzaren bueltan lanean ari diren eragile komunitarioak eta baliabide guztiak, ekosistema baten bueltan egituratzea eta artikulatzea", alkatearen esanetan.

Bide horretan, "pertsona bakoitzaren lehentasunei, nahiei, erabakiei eta batez ere, bere bizi proiektuarekin lerrokatutako arretak eskaintzeko gai izan nahi dugu eta oroz gain, bai adinak, menpekotasunak, jatorriak edo generoak eragindako egoera zaurgarri eta hauskorrak detektatu nahi ditugu, egoera horretan egon daitezkeen herrikideen integrazio komunitarioa bermatzeko. Izan ere, argi dugulako udaletik egin daitekeenaz haratago, asko dela komunitateak egin dezakeen ekarpena, herrikideen ongizate komunitarioa lortzeko".

Zaintza, ongizatea eta komunitatearen parte izatea, elkar lotutako kontzeptuak direla nabarmendu Solaberrietak. "Azken batean, komunitate bateko kide izateak ondo sentiarazten gaituelako guztioi eta hori da zaintzarako berme nagusia".

Trantsizio bidean
Urteotan eginiko bidea eta bide horretan biltzen joandako ezagutza eta esperientzia nabarmendu du eta hori guztia belaunaldi gazteenera hedatzeko beharra. "Ikasbide hauek guztiak haurren eremura eraman beharrean gaudela argi dut, Usurbilgo herritar guztiak direlako eskubide osoko herritar, eta ondorioz, noski, baita haurrak ere. Administrazio publikoari dagokio, denei bizitza duina eta bizitza bizigarria ahalbidetzea, azken batean, zaintzak ez direlako soilik gure bizitzako etapa zehatz batean, izan gure bizitzaren hasieran edo amaieran behar dugun zerbait. Kapitalismoak sinestarazi nahi digunaren kontra, gizakiok pertsona interdependenteak gara. Denok behar dugu gure bizitza osoan zehar, zainduak izan".

Horregatik beharrezkotzat jo du, "zaintza eredu zatikatu eta isolatuetatik zaintza ekosistema integral, publiko eta komunitariora igarotzeko trantsizioa" prestatzea, "zaintza behar duen herrikide ororen begirada eta arreta eredu berritik erantzuteko".

Trantsizio bide horretan, Usurbil non den kokatu nahi izan du alkateak. "Usurbilen egia da, haurren zaintzarako eta garapenerako ditugun baliabideak ugariak eta askotarikoak direla, sare bat badagoela artikulatuta". Baina galdetu duenez, "denentzat irisgarria al da? Usurbil bada Oinherri sareko kide, Usurbil herri hezitzailea izateko asmotan. Haurren Kontseilu bat ere sortua dugu, udal politika batzuetan haurrei ahotsa emateko asmotan, baina ez dut dudarik, testuinguru eta erronka hori kontuan izanda, lan handia dugula denona eta denotzat izango den Usurbil eraikitzeko".

Lanketa bide horretan, "jardunaldi hauek aukera ederra ematen digute, ikasten jarraitzeko, praktika onak zabaltzeko, Euskal Herrian han-hemenka praktika on izugarri pila dagoelako eta gure bidean jarraitzeko lagungarri izango zaizkigulako. Milesker, Bizipoza".