10. Bizipoza Jardunaldiaren aurkezpena

"Guztion errealitateak lagungarriak dira guztion bizitzak hobetzeko"

Noaua Aldizkaria

Haurren eskubideak izango ditu hizpide azaroaren 21eko 10. Bizipoza Jardunaldiak Sutegin. Ostiral honetan, azaroaren 6an aurkeztu dute hitzordua Potxoenean.

Hitza hartuko dutenen artean izango da, Bizipozaren baitako elkarteetako bat, Pausoka. Behar bereziak dituzten haurren eta haien familien ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzen dihardu aipatu bilguneak.

Bertako ordezkari Amaia Irustak eskerrak eman dizkio Udalari gaurko agerraldian, ekimena antolatzen segitzeagatik. "Usurbil Bizipozako elkarte askorentzat oso herri garrantzitsua da. Etxea da, Bizipozarentzat, iñurrientzat, Uxue Trailekoentzat... Usurbil benetan etxea sentitzen dugu". Eskertza bikoitza helarazi nahi izan du; "eskertza Usurbili eta elkarte bezala Bizipozari" bere "esfortzu hauspotzailea" tarteko.

"Bozgorailu handia"
Elkarte txikia izanik, halako sare bat haientzat "bozgorailu handia" dela nabarmendu du. "Elkarte txikia gara eta halako sare bat sortzea bozgorailu handia da, efektu esponentzial handia lortzen dugu elkartzerakoan.

Datorren hilaren 21ko jardunaldiari dagokionean adierazi duenez, "guretzat oso garrantzitsuak dira, zaurgarritasunean bizi diren familiak, askotan, eskubide batzuk pribilegio bezala kontsideratzen ditugulako eta horiek guztiz barneratuak ditugulako".

Honenbestez, haurren eskubideen gaiaz hausnartzeko saioa garrantzitsutzat jo du, benetan jabetzeko, "zer den bidegakeberia bat, zer den eskubide bat eta zer ez den pribilegio bat". Eskubide urraketak edozein izanda ere, "berdin du zer zailtasun edo arazo izan", eskubide horiek eskuratzeko egin beharreko "prozesua berdina" dela gogorarazi du Pausokako ordezkariak; "eman beharreko pausoak berdinak dira, errealitateak desberdinak" izan arren. Halere, "bidegabekeria bat baino gehiago pairatzen duten familien zailtasunak esponentzialki askoz handiagoak direla" ohartarazi du eta haiek aurretik izandako egoera larriagotzen dutela. Horregatik garrantzitsutzat jo du, eskubide urraketak "parametro, gaitz edo arazo" soil batetik ez behatzea.

Eskubideak betearatzeko ahalegin bide hori lankidetzan egitearen balioa nabarmendu du. "Batera lan eginda, askoz aberasagarriagoa izango da. Guztion errealitateak lagungarriak dira guztion bizitzak hobetzeko", gogorarazi du. Ildo horretan kokatu du hilaren 21eko jardunaldia. "Guretzat oso garrantzitsua da Sutegin egingo dugu mahainguruan parte hartzea".