Udalbatzaren osoko bilkura

"Euskara sustatzeko urrats sendoak ematea da gure helburua"

Noaua Aldizkaria

UEMA-ren "Esnatu" dinamikari lotutako mozioarekin bat egin zuen udalbatzak urria amaierako osoko bilkuran. Euskara biziberritzeko hainbat konpromiso hartzeko testua zen udalbatzak onarturikoa. Konpromisoen artean da, Udalak herritarrekin eta eragileekin abiarazi nahi duten gogoeta prozesua. Egunotan aurkeztu asmo dute.

Usurbil kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) "Esnatu" izeneko ekimena abiarazi zuen udaberrian. "Era guztietako eragileak ahalduntzea eta eremu euskaldunek bizirik iraun dezaten haien konpromisoak sustatzea", da dinamikaren helburua. Izan ere, "gaur egun bezala jarraituz gero, eremu euskaldunenean ere euskarak atzerantz egingo duela diote ikerketek, eta horri erantzuteko eta egoera iraultzeko arduratik sortutako ekimena da, hainbat eragileren laguntzarekin". Abenduaren 1ean, ekitaldi batekin borobildu nahi da aipatu dinamika.

Gogoeta-prozesua
"Esnatu" ekimena Usurbila heldu da, oraingoz, udalbatza aretora. Urria amaieran eginiko osoko bilkuran gai horri lotutako mozioa aho batez onartu zuten EH Bildu eta EAJ alderdietako ordezkariek. Segidan duzue testuingurua azaltzearekin batera, testu horretan "biziberritze-prozesuan euskara sustatzeko" eta "Udalak duen arduratik eta dituen eskumenetatik" hartutako konpromisoen zerrenda: erabilera-planean onartutako hizkuntza-irizpideak betetzea; kontratazio publiko guztietan hizkuntza-baldintzak txertatu eta horien jarraipena egitea; doako euskalduntzea bermatzea; haur eta gaztetxoen aisialdia euskara hutsean programatzea; udalen eskumenekoak diren esparruetan euskararen normalizazioan urrats sendoak ematea (ELE Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa arautzeko ordenantza, terrazetako ordenantza, azoka eta ferietako ordenantza…); etorri berriak euskarara gerturatzeko egitasmoetarako bitartekoak areagotzea; zenbait arlotako (ostalaritza, zaintza eta abar) langileak euskalduntzeko bitartekoak areagotzea; eta "Esnatu" dinamikari lotuta, euskararen etorkizunari buruzko gogoeta-prozesua egitea herrian, askotariko herritar eta eragileekin batera.

Azken konpromiso hau, askotariko herritarrekin eta eragileekin Usurbilen "euskararen etorkizunari buruzko gogoeta-prozesua egitea"  gauzatze bidean jarri asmo dute. Hala jakinarazi zuen euskararen alorreko udal ordezkari Maialen Iñarra Arregik urria amaierako osoko bilkuran. Iragarri zuenez, "datozen egunetan aurkeztu nahi dugu herritarrekin eta eragileekin batera egin nahi dugun gogoeta prozesua". Prozesu horretan, "Usurbilen euskarak izango duen etorkizunaren inguruan hausnartzera gonbidatu nahi ditugu".

Mozioaren edukiarekin bat egin zuen baita EAJ-k. Ivan Iriondo Axpe zinegotziak gaineratu zuenez, "gustatuko litzaiguke balorean jartzea, gizarte osoak, Udalek, Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak egiten duten lana".

Segidan duzue, aho batez onarturiko aipatu mozioak dioena bere osotasunean. "Esnatu" dinamikari buruzko informazio gehiago esteka honetan jaso dezakezue: uema.eus


ESNATU MOZIOA
Arnasguneek hizkuntza gutxituen biziberritzean duten garrantziaz sarri hitz egin da Mikel Zalbide soziolinguistak kontzeptua bera euskarara ekarri zuenetik. Lehenago, UEMA sortu zutenek ere, lurgune euskaldunak euskarak bizirik irauteko duen garrantziaz ohartuta ekin zioten mankomunitatearen ibilbideari. Harrezkero, urte askoan egindako lanaren ondotik, gaur egun adostasun handia dago arnasguneek indarberritze-prozesuan duten garrantziaren inguruan, bai euskalgintza sozialean, bai akademian, bai euskararen alde ari diren erakunde publikoetan.

Kezkatzekoak dira, ordea, euskara indartsuen dagoen lurgunean antzematen diren joerak. Ez da oraingo kontua udalerririk euskaldunenetan adierazle soziolinguistiko nagusiak atzeraka hasi izana, baina urteek aurrera egin ahala, egoera kezkagarri batera iritsi gara, zinez. Adierazle nagusietan atzera egiteaz gain, gune horietako hiztunen tipologia ere asko aldatu da. Azken batean, nazioarteko joera orokorrekin bat, bizi-ereduaren bilakaerak, bilakaera demografikoak eta globalizazioaren ondorio zuzenek arnasguneak desagertzeko bidean jarri dituzte. Argi erakutsi du Siadecok 2025ean egindako proiekzio demolinguistikoak: euskararen alde orain arte egiten ari garena egiten jarraitzen badugu, euskarak bizi duen geldialdia galera-fasean sartuko litzateke. Horri aurre egingo dion erantzun sendo bat mamitu nahiak bultzatu zuen UEMA otsailean Lurralde Estrategia Euskararentzat proposamena aurkeztera.

UEMAk, 121 udalerri euskaldun biltzen dituen erakunde publikoa den heinean, dagokion arduratik eta eremu euskaldunena gure hizkuntzarentzat giltzarria dela jakinda egin zuen proposamena. Ekarpen hori bere bidea egiten ari da. Proposamen horrek hizkuntza-politikaren norabidea aldatzea eskatzen du, eta, bide horretan, adostasunak bilatzeko lanean ari da UEMA orain.

Horrekin batera, Esnatu dinamika abiatu zuen UEMAk apirilean, politikatik egin beharrekoaz gain, gizartea bera ere badelako nor geldialdi horri aurre egin eta euskararen biziberritzea indarraldian jartzeko. Dinamika horren abiapuntu gisa, Euskal Herriko nazio mailako 18 eragilek atzerakada hori gelditzeko konpromisoak hartu zituzten. Ordutik, udalerriz udalerri herrietako eragileak ere dinamika horretara gehitzeko lanean dihardu UEMAk. Ildo horretan, guri, udal gisa ere, badagokigu gure eredugarritasuna ikusaraztea, eta bide honetan gure alea jartzea.

Usurbil udalerri euskalduna da, eta biziberritze-prozesuan euskara sustatzeko urrats sendoak ematea da gure helburua. Horretarako, Udalak duen arduratik eta dituen eskumenetatik konpromiso hauek hartzen ditugu:
- Erabilera-planean onartutako hizkuntza-irizpideak betetzea.
- Kontratazio publiko guztietan hizkuntza-baldintzak txertatu eta horien jarraipena egitea.
- Doako euskalduntzea bermatzea.
- Haur eta gaztetxoen aisialdia euskara hutsean programatzea.
- Udalen eskumenekoak diren esparruetan euskararen normalizazioan urrats sendoak ematea (ELE Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa arautzeko ordenantza, terrazetako ordenantza, azoka eta ferietako ordenantza…).
- Etorri berriak euskarara gerturatzeko egitasmoetarako bitartekoak areagotzea.
- Zenbait arlotako (ostalaritza, zaintza eta abar) langileak euskalduntzeko bitartekoak areagotzea.
- Esnatu dinamikari lotuta, euskararen etorkizunari buruzko gogoeta-prozesua egitea herrian, askotariko herritar eta eragileekin batera.