Udalbatzaren osoko bilkura

Hitzarmen batera atxiki eta beste bat luzatu dute udal ordezkariek

Noaua Aldizkaria

Hondakinen alorreko eta gizarte zerbitzuen arloko hitzarmen bana mintzagai izan zuen udalbatzak urriaren 29ko osoko bilkuran.

Hitzarmen bati atxikitzea eta beste bat urtebetez luzatzea erabaki zuen udalbatzak urriaren 29ko osoko bilkuran.

Batetik, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua finantzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Usurbilgo Udalak sinaturiko lankidetza hitzarmena beste urtebetez luzatzea erabaki zuen udalbatzak aho batez; aurtengo urriaren 1etik 2027ko irailaren 30era arte hain zuzen.

"Urtez urte berritzen dugun hitzarmena da", Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesaren esanetan. Estreinakoz, 2021ean sinatu zuten aipatu hitzarmena, udal gobernu taldetik aditzera eman bezalaxe, "hitzarmen hau Diputazioak Gipuzkoako udal eta mankomunitate guztiekin sinatzen duen hitzarmena da, udaloi Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren finantziazioan laguntzeko".

Iraupen ezberdinak izan dituen hitzarmen hau, azkenaldian urtero ari dira berritzen. Iaz sinaturikoa, aurtengo irailaren 30era artekoa izan zen. Horregatik, beste urtebetez luzatzea proposatu eta onartu du udalbatzak. 8.192.463 euro bideratuko ditu Foru Aldundiak herrialdeko udalen zerbitzu hau finantzatzera.

Ekonomikoki onuragarria
Hitzarmen luzapen horrekin batera, beste bati atxikitzea erabaki zuen udalbatzak aho batez urriaren 29ko osoko bilkuran; Udalak EAEko Administrazio Orokorrarekin eta Ecoembesekin sinatuko duenera hain zuzne.

Azkeneko biek (EAEko Administrazio Orokorrak eta Ecoembesek) uztailaren 23an sinaturiko esparru hitzarmenera batuko da Usurbilgo Udala, azkenaldian beste hainbat erakunde egiten ari diren moduan. "Hitzarmen berri honetan, formula eta modu ekonomiko berriak daude. Horren arabera, ekonomikoki onurak izango ditugu eta diru-sarrera gehiago jasoko ditugu", Ainhoa Arrozpide Landa udal zinegotziak azaldu zuenez.

Atez ateko bilketa martxan jarri ostean, 2010az geroztik Udalak eta Ecoembesek sinatua zuten orain arte indarrean izandako alor horretako lankidetza hitzarmena.