Udalbatzaren osoko bilkura

Bi modalitateko urteko azken kreditu aldaketa onartu dute

Noaua Aldizkaria

Kreditu gehigarri eta transferentzia deiturikoak. Bi modalitateko kreditu aldaketa onartu du Udalak, urriaren 29ko osoko bilkuran berri eman zuenez.

Urte amaierako premia berriei aurre egiteko kreditu gehigarri eta transferentzia bana egitea onartu du Udalak, "bi modalitate ezberdineko kreditu aldaketa", guztira 250.000 eurokoa, udal gobernu taldetik urriaren 29ko osoko bilkuran aditzera eman zutenez. 2026ko azkena izango da, nagusiki "aurrez zeuden partidetara diru gehiago bideratzea" ahalbidetuko duena.

Tartean da, udaletxeko bigarren solairua eraberritzeko 50.000 euroko partida edota aurreikusitako 20.000 euroei erantsi behar izan dizkieten 22.000 euro, ikastetxeetako egokitzapen lanetarako, Aginagako Eskolara nahiz haur eskolako kanpo espazioa sortzeko baliatuko dituztenak. Horrez gain, Santueneako bilgunea konpontzeko lanei dagokienean, hasieratik eginiko aurreikuspenak beteta, 100.000 euro gehiago bideratuko dituzte obra horietara; "10.000 euro kreditu transferentziatik hartzen ditugu eta 90.000 euro Udalak duen gerakinetik". Alkateak argitu zuenez halere, 500.000 euro ditu udal gerakinak.

Diru-sarreren handitzea, inbertsio berrietarako
Udal aurrekontuak baliatu dituzte kreditu aldaketa horretarako. "Hainbat partidetan ikusten da urtea amaitzen ari garen honetan, diru bat soberan geratuko dela eta horiek baliatzen ditugu" aipaturiko behar berriei aurre egiteko, udal gobernu taldetik urria amaierako osoko bilkuran azaldu zutenez.

Oposiziotik eginiko galderei erantzunez, udal gobernu taldetik eta udal kontuhartzailetzatik argitu zutenez, honako hau aurtengo hirugarren kreditu aldaketa izan da, 2026ari dagokion azkena. Hainbat partidetara, urtean zehar eransten joandako diru kopuruarekin, aurtengoan herri honek inoizko udal aurrekontu handienak izango ditu. Izan ere, hasierako "14,3 milioi eurotik 22 milioi eurora igaro gara". Zortzi bat milioi euroko tartea dago, urte hasieratik hona eginiko diru txertaketak tarteko. Diruzaintza gerakinak, mediku etxearen salmentak nahiz Oiardo kiroldegiko sutearen kalteei aurre egiteko jasotako kopuruak zer ikusi zuzena izan dute hazkuntza horretan.

"Diru-sarrera horiek baliatu ditugu inbertsio berriak egiteko", Usurbilgo alkatearen esanetan.

"Ohiko martxan"
Kreditu aldaketa horien berri eman aurretik, hiruhilero moduan, udal kontuhartzaileak 2026ko hirugarren hiruhileko diru kontuei buruzko azalpenak eskaini zituen. Batetik, ordainketen bataz bestekoa zertan den zehaztu zuen. 2026ko hirugarren hiruhilekoan 1.356 faktura ordaindu dituztela jakinarazi zuen. Guztira, 2,5 milioi euro ordaindu ditu Udalak epealdi horretan. Bizpahiru izan ezik denak, epe barruan ordaindu dira. Ordainketok 30 eguneko epean egin beharra izan arren, 3,81 egunekoa izan zen, ordainketok egiteko Udalak beharrezkoa izandako batez besteko denbora.

Bestalde, 2026ko hirugarren hiruhileko udal aurrekontuen exekuzio mailaz ere hainbat zertzelada eskaini zituen udal kontuhartzaileak. "Ohiko martxan" doala azaldu zuen.