Usurbilgo sorterriak plazaratu eta herrikideen jatorri aniztasuna ospatzeko eguna heldu da. Larunbat honetarako, azaroaren 7rako antolatu du Usurbilgo Udalak hainbat herrikiderekin batera nazioarteko gastronomia, musika eta dantzak ekarriko dizkigun hitzordua.
Mundualdi egun honi jolasean ekin dio belaunaldi gazteenak frontoian. Zirimara plan bereziaren baitan, munduan barrena jolasean bidaiatzeko aukera izan dute. Kulturartekotasunean sakontzeko bidea izan da. Sorterri ezberdinetako herrikideen bidelaguntzarekin, bertako, tokiko nahiz urrunagoko jolasak ekarri dituzte frontoira.
Irudiotan ikusi ahalko duzuen moduan, primeran pasa dute gaztetxoenek.
Jakien dastaketa, Kolonbiako dantza eta musikaz girotua
Arratsalde partean segiko du Mundualdiak. Arrakasta itzela izan ohi duen jakien dastaketa iragarri dute frontoian. Dakizuenez, askotariko sorterrietako herrikideek mimo ezin handiagoz sukaldaturiko jakiak sukaldatu eta eskaintzen dizkiete usurbildarrei.
Aurtengoan, hogei postu inguru erakarriko ditu hitzorduak, antolatzaileen esanetan. "Sahara, Nikaragua, Mongolia, Nigeria, Venezuela, Ekuatore Ginea, Mauritania eta Kolonbiakoak izango dira, besteak beste. Bi edo hiru herrialderen arteko postuak ere izango dira: Kuba, Ukraina eta Euskal Herria elkartuko dituena batetik, eta Polonia eta Argentina batuko dituena, bestetik", antolatzaileen esanetan.
Dastaketa musikatua izango da. Izan ere, Kolonbiako musikak eta dantzek girotuko dute arratsaldea. "Bi taldek parte hartuko dute: Walter Sanchezek saltsari gorazarre egingo dio, eta Asociación Cultural Integración Sin Fronteras elkarteak dantza kolonbiarren erakustaldia eskainiko dute".