"Bizi Biziz", hortxe Sortalde Usurbilgo Energia Komunitateak egin digun gonbita. Mugikortasunerako bizikleta baliatu eta lehenesteko deialdia egin dute. Horretarako, ordea, bidegorri segurua Usurbilgo erdiguneraino heltzea nahi dute. Hori aldarrikatzeko, galdegiteko bizikleta martxa antolatu dute azaroaren 14an. Goizeko 11:00etan Usurbilgo frontoitik abiatuko den ekimenera batzeko hitzordua finkatu dute, "Usurbilgo plazatik, Zubietan barrena joateko Añorgaraino, han N634 errepidean sartu eta Usurbilgo plazara bueltatzeko".
Ekimenaren deitzaileek azaldu moduan, "Donostiatik Lasarterako bidegorria dago aspaldidanik, orain dela gutxi atondu berria. Jende askok erabiltzen du egunero, oinez edo bizikletan, garraio-bide oso egokia baita. Segurua da, bestelako trafikotik banandua. Eta zuzena: Lasartetik Donostiara buelta handirik eman gabe. Gora-behera handirik izan gabe. Hau da, erabilgarria eta praktikoa erabili nahi duenarentzat".
Baina hor dago bidegorriaren etenaldia, Mutrikurainoko bidea planifikatua egon arren. Sortaldek gogora ekarri moduan, "izan zen bizikleta bideen plan sektorial bat onartua Batzar Nagusietan 2013an. Baina dena ez zen bete, eta bere horretan utzi zen. Usurbili 2. ibilbidea zegokion: Donostia-Mutriku. Baina Lasarteraino besterik ez da iristen. Horren lekuko, Urbil parean Donostia-Mutriku bidegorria adierazten duen panela. Iragarri bai, baina ez dago".
Proposaturiko bidea, gainera, ez zela zuzena azaldu du Sortaldek. "Zubietatik ematen zuen buelta. Hau ez da, gure ustez, onargarria. Bideek zuzenak izan behar dute, garraiorako egokiak, eta ez turismorako pentsatuak".
Horixe da hain zuzen, hilaren 14ko bizikleta martxaren bidez galdegin nahi diotena Gipuzkoako Foru Aldundiari; "bidegorri segurua eta zuzena Añorgatik Usurbil erdialderaino. Lehen aurreikusia baldin bazegoen, ez dugu uste gure eskaria burugabea denik".
"Uste dugu baduela konponketa"
Energia-kooperatiba izanik, Sortalde "energiaren kontsumo egokiaz arduratuta dago. Horrek eramaten du bizikleta erabilera sustatzera eta zabaltzera, eta horretarako bidean izan daitezkeen eragozpenen kontra borrokatzera".
Garraio merke eta eraginkorra dela gogorarazi digute, onura askokoa; "energia kontsumo txikia eta berriztagarria, gorputzaren osasunerako egokia, eta abar. Eta kasu askotan, beste garraio gehienak baino azkarragoa". Bistakoa da, halere, guztiak bezala, eragozpenak baditu. "Eguraldi egoera zailetan arazotsua izan daiteke; euriak eta haizeak dezente nahas dezakete ibilaldiaren egoera, desatsegina egin arte eguneroko egoera arruntetan, lanera edo ikastera joan-etorrian gabiltzala. Horren aurrean, ezer gutxi egin daiteke egoera hobetzeko. Baina badago beste eragozpen handi bat: bide egokiak ez izatea eta berorietan arriskua sortzea. Azken hau kezkagarria zaigu, eta uste dugu baduela konponketa".