Mundualdia

"Elkar ezagutzen eta topatzen jarraitzeko aukera pregabea eskaintzen digu Mundualdiak"

Noaua Aldizkaria

Jatorri aniztasuna aldarrikatu eta hau guztia egoki kudeatzeak duen garrantzia nabarmendu dute, aurtengo Mundualdiaren hasiera ekitaldian. Denok izan, egon eta bizi ahalko garen kolektibotasun berria eraikitzeko bidean sakontzeko deia egin dute ekimeneko antolatzaileek.



Jatorri aniztasunarena, sorterrien sorterria izan da larunbat honetan, azaroaren 7an, Usurbilgo frontoiko oholtza. Hamaika herrialde ordezkatu dituzte irudiko herrikideek, beste behin, haien askotariko jaioterrien arteko elkar ezagutza sustatzen duen Mundualdiak. Aniztasun hori dugu Usurbilen, geroz eta aniztasun handiagoa, jaialdiaren hasiera ekitaldian Agurtzane Solaberrieta Mesak nabarmendu moduan. "Usurbilgo Udaleko azken urteetako errolda datuak kontuan izanda, jatorri desberdinetatik etorritako herritar berrien kopuruak gora egin du nabarmen, eta ondorioz, jatorri, kultura, hizkuntza, erlijio eta, orohar, identitate aniztasunaren kudeaketa, erronka handia da gure herriarentzat".

Erronka handia, ez soilik elkarrengandik urrunduta egondako komunitateen artean, alkateak erronkatzat jo baitu, "kolektibotasun berri bat eraikitzea, zeinetan bere nortasuna, hizkuntza eta kultura babestuko duen eta hemen bizitzea erabakitzen duen pertsona ororen ekarpena eskertuko duen". Solaberrietaren esanetan, "soilik, modu horretan izango gara herri solidarioagoa, aktiboagoa, kohesionatuagoa eta integratzaileagoa".

Horretarako, aurtengo Mundualdiaren hasieran gogorarazi duen moduan,  "dibertsitatea, mehatxua ez, aberastasuna da, eta horretan sakondu behar dugu. Izan ere, fenomeno hau areagotuko da hurrengo urteetan. Beraz, lanean jarraitu behar dugu orain" zioen, "gizarte kohesionatu, multikultural eta multianitza" izateko bidean.

Bide horretan, egun handitzat eta garrantzitsutzat jo du beste behin, larunbat honetakoa, azaroaren 7koa, Mundualdiari eskainitakoa. "Izan ere, gaur, plaza honek beste itxura bat hartu du. Munduko koloreek, zaporeek eta doinuek hartu dute gaur, herriko plaza". Plazak berak "Usurbilen bizi dugun jatorri eta kultura aniztasuna islatzen du". Usurbilgo herri bizitzan ondo erroturiko ekimenak "elkar ezagutzen eta topatzen jarraitzeko aukera paregabea eskaintzen digu".

Elkargunea da ekimen hau. "Mundualdiak, azken batean, guztion aterpe izan nahi du, guztion topagune". Ezohiko kolore eta zaporeen bidez, "Usurbilen bizi garen pertsona guztion berdintasuna aldarrikatzen duena". Jatorri aniztasuna jaialdi bilakatzen duen hitzorduaren bidez, "lankidetza eta elkarbizitza espazioak" sustatu nahi dituzte. "Egun honek Usurbilen bizi garenon artean harremandu eta hobeto elkar ezagutzeko balio dezala", nabarmendu du alkateak, "geroz eta anitzagoa" baita herri hau.

Izan eta egoteko harrera herria
Solaberrietak eta Mundualdiaren hasiera ekitaldian bildutakoak txalotu nahi izan ditu beste urte batez, aurtengo jaialdia antolatzea ahalbidetu dutenak. Antolaketa lanetara batu dira Usurbilgo Udala eta irudiko herritarrak. Denek jaki goxoak mimo handiz prestatzen aritu dira beste behin, Mundualdira joandakoei eskuzabaltasun osoz eskaintzeko.

Haietako bat baino gehiago, gainera, Aniztasun Kontseiluko kide dira. Kideotako batek ere hitza hartu du Mundualdiaren hasiera ekitaldian. "Izan eta egoteko" harrera herria izateko espazioa sortzearen alde egin du, "aniztasuna aitortua, errespetatua eta ospatua izango dena" eta "iraganeko eta egungo hainbeste indarkeriatik babestuak sentitu gaitezkeena". Konpromiso kolektiborako deia egin du larunbat honetako jaialdian, zaurien erreparazioa sustatuko duena. "Nortasun, kultura eta izateko modu guztiek lekua izateko" gizartea eraikitzea galdegin du.

Txalo artean, talde argazkia aterata eman diote hasiera aurtengo Mundualdiari.