Mundualdia

Kolonbiako musikak eta dantzek girotu dute jatorri aniztasunaren jaialdia

Noaua Aldizkaria

Kolonbiako kulturara hurbildu eta hobekiago ezagutzeko aukera eskaini du aurtengo Mundualdiak, herrialde horretako musika eta dantzen bidez.

Askotariko sorterrietako herrikideek mimo handienez prestaturiko Mundualdiko jakien dastaketa, musika eta dantza erakustaldiak girotu du. Izan ere, ekimen honetako edizio gehienak herrialde bat edo besteko ordezkariek girotu izan dute. Oraingo honetako protagonista, Kolonbia izan da. Bertako kulturan barneratzeko aukera ederra eskaini du aurtengo Mundualdiak.

Batetik, bertako jakiak dastatu ahal izan dira frontoian. Baina horrez gain, herrialde horretako musikaz eta dantza erakustaldiez gozatzeko aukera izan da. Batetik, Iruñeatik etorritako "Integración Sin Fronteras" izeneko elkarteko belaunaldi gazteenak erakustaldi bikaina eskaini du. Bilguneak, integrazioa sustatzeko askotariko arloetan (sozialki, kulturalki, kirol arloan, arlo gastronomikoan) eragiten dihardu.

Segidan, musika kolonbiarraren txanda heldu da. Walter Sanchezek eta bere taldekideek hartu dute frontoiko oholtza. Haiek ere Nafarroako hiriburutik heldu dira, saltsari gorazarre egitera. "Saltsa gustuko duzue?" galdetu du abeslariak. Saltsa erritmoen estilo kolonbiarra eskaintzera etorri dira aurtengo Mundualdira.