Askotariko jakiek egin dute denetariko sorterrietako herrikideen zubi-lana. Mundualdiko ekimen arrakastatsua da, urtez urte harrera ezinhobea izan ohi duena. Aurtengoa ere ez da salbuespena izan. Frontoiak irudikatu du herrian dugun jatorri aniztasuna, zenbateraino den anitza, geroz eta sorterri gehiagotako herrikideak elkarbizi gara Usurbilen.
Mundualdiak egiten du ikusgarri jatorri aniztasun hau urtero, besteak beste, irudiotako jakien dastaketaren bidez. Aurtengoan ere, askotariko sorterrietako herrikideek mimo handienarekin prestatu dituzte haien herrialdeetako jakiak. Eskuzabaltasun handienez eskaini dizkiete frontoira hurbildutakoei.
Sahara, Nikaragua, Mongolia, Nigeria, Venezuela, Ekuatore Ginea, Mauritania, Kolonbia ordezkatuak egon dira aurtengo jaialdian. Baina herrialdeen arteko aliantza postuek ere lekua izan dute; batetik, Txirikorda Ugartondoko belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioko bizilagunek irudikaturikoak. Kuba, Ukraina eta Euskal Herria ordezkatu dituzte. Haiez gain, Polonia eta Argentina bateratu dituen posturik ere izan da.
Gogotik ase dira bertara joandakoak. Ekimen gastronomiko honen aitzakiaren harira, harremantzen, gehiago elkar ezagutzen aritu dira postuetako alde bietako herritarrak.