Zer nolako harrera izan du Udal Etxebizitza Bulegoaren irekierak?
Ioritz Rasero: Harrera oso ona, oso pozik gaude. 61 hitzordu izan ditugu, hogei bat presentzialak. Etxebizitza promozio berriez galdetu nahi izan nahiz etxea alokairuan jarri nahi dutenak etorri dira. Behar duen ororentzako informazioa eta bidelaguntza eskaintzen dugu. Horrez gain, etxe hutsak aktibatu nahi ditugu. Dagoeneko lau, alokairura bideratu dira. Aurrez eginiko diagnosian zenbatutako Usurbilgo 99 etxe hutsetatik sei bizilekuetako jabeek saldu edo alokatzeko asmoa dute.
Etxe hutsen aktibazioa abian da beraz.
Bulegoa iraila hasieran irekitakoan izan zen lehen mugimendua, gero bizileku hutsen jabeek gutuna jaso zutenean eta, azkenik, bulegoari buruzko eskuorriak etxez etxe banatu direnean.
Azkenaldian izandako gertakariek ere eragin dute aktibazio horretan?
"Mari Carmen" izenez ezagun eginiko dekretuaren harira, bada horrekin zer gertatuko den argitzeko hauteskundeak igaro arte itxarongo duela esan digun etxejaberik. Azkenean, sarritan onartzen dira etxebizitzari lotutako dekretu berriak. Horrek nahasmendua eragiten du jendartean, oso zaila baita jakitea zer dekretu hartu behar den kontuan. Horregatik, sarritan gertatzen zaigu guk ere kontsultak egin beharra izatea. Zer dekretu kontuan hartu behar den, ez dago jurisprudentzarik.
Hutsunea dago.
Antzeko lege gehiegi egin da. Horrek zenbait etxejabe atzerapausoa ematera bultzatu ditu. Baina haiei esan nahi nieke, egun, abantaila eta onura gehiago dituela etxebizitza alokatzeak ez alokatzeak baino. Hobari fiskalak dituzte. Beldurretako bat izaten dutena da, maizterrak betiko geratuko zaizkiela etxean. Baina dekretu eta legeek ez dute halakorik adierazten. Hedabide batzuek sustatutako beldur hori desaktibatzeko, hori egia ez dela erakutsi eta etxea alokatzea segurua dela ikusarazteko gaude.
Kasu bakoitza banan-bana aztertu beharra eskatuko du zuen lanketak?
Hori da udal bulegoak eskaintzen duen abantaila. Kasu bakoitza banan-bana aztertzen dugu eta emandako konponbidea pertsonalizatua da. Etxejabeek pentsatu behar dute haientzat, maizterrentzat eta Usurbilgo herriarentzat onuragarria izango dela etxe hutsak aktibatzea. Usurbildarrek herrian geratu nahi dute bizitzen. Hori udal gobernuak soilik ezingo du bermatu etxebizitza berriak eraikita, herriak bestelako erantzunak eman beharko ditu. Denok batera konponbide bat eman beharko diogu bizi dugun egoerari. Usurbil bizia nahi badugu, bizitza hori erraztu beharko da.
Etxebizitza negozio gisa baliatzeari uzteko bide luzean non gaudela esango zenuke? Aurrerantz goaz?
Jendeak oraindik etxea dirua irabazteko baliatzen du, baina mugatu egin behar da. Bi profil nabarmendu ditugu Usurbilen; bada herentzian jasotako etxebizitza edo haurtzarokoa hutsik duena edo arrazoizko prezio batean alokatua duena. Badira, ordea, etxebizitza dirua irabazteko baliatzen dutenak. Etxebizitza inbertsio moduan erabiltzen denean, horren kontra egon behar dugu. Herri berdinean bigarren etxebizitza duenak hainbat betebehar ditu; ondo mantentzea edota erabilpen soziala izatea. Bi etxebizitza izateko pribilegioa duenak betebehar moral edo etikoa du bigarrena norbaitentzako bideratzekoa.
Betebehar horrek legala izan beharko luke? Konponbidea, hein batean, hortik etor daiteke?
Bai, baina horra heldu baino lehen, beste neurri batzuk hartu beharko lirateke. Pedagogia lana egin behar da, hori da bulego honek eskaintzen duena. Ardura denona da. Horregatik, denon arteko lankidetza izan behar da.
Hainbat kolektibo zaurgarri daude etxebizitza beharrean. Zuengana gerturatu dira?
Bulegora, batez ere, Usurbilen jaiotakoak etorri dira. Agian, bada herriaren zati bat, uste duena eskubide gutxiago dituela etxebizitza bat eskuratzerakoan, gai honetan ere arrazakeria dagoelako. Bi posizio ekonomiko daude orohar: bertan jaiotakoek ekonomikoki laguntzeko sarea dute, etorkinek ez.
Konponbidea etxeak eraikitzea izatea, bat zatoz ideia horrekin?
Arazo horri aurre egiteko ezin dugu pentsatu eraikitzea soilik aski denik. 2000. hamarkadan izugarri eraikita ere, prezioak bikoiztu eta hirukoiztu ziren. Askotariko tresnak behar dira: etxeak eraikitzea, etxe hutsak aktibatzea, indarrean diren hobari fiskalak aplikatzea... Usurbilen, hor dira Txirikorda edota bizi osorako etxebizitzak ere. Usurbil aitzindaria da. Egunotan, Bartzelonatik datoz alor honetan Usurbilgo proiektuak ezagutzera. Harro egoteko modukoa da.
Udal etxebizitza bulegoak baliabide horien guztien lotunea izan nahi du?
Etxebizitza politiken erreferentzia gunea izatea nahi genuke. Maizter gutxi gerturatu da. Haiek etortzera gonbidatu nahi nituzke, kontratuei buruzko zalantzak argitzera, adibidez, batzuetan legezkoak ez diren klausulei buruzko argibideak jaso ditzaten.
Etorkizunera begira, zer bide egin dezake larrialdi egoera honek?
Neurriak orain hartzen hasita ere, etxebizitzaren arazoa hurrengo hamarkadako erronka izango da. Horregatik, etxeak eraiki arren, hutsik diren etxeen jabeak aktibatu behar ditugu, larrialdi egoera hau leuntzeko.
Etxebizitza hutsak Usurbilen
• 409 pertsona edo bizikidetza-unitate bizileku eske Etxebiden: 180 Usurbilen erroldatutakoak (%44,01), gainerako 229ak (%55,99) ez.
• %44,3tik %31,8ra murriztu da gazteen emantzipazio-tasa, 2011tik hona.
• Ustez bizilagunik gabeko 166 bizilekuetatik 99 (%60) mobilizatzeko aukera.
• Arazoak: herentziak eta gatazkak, eraberritzeen beharra, beldurrak eta mesfidantza…
• Etxebizitza bulegoaren eskaintza: bitartekaritza eta aholkularitza juridikoa, bermeak alokairuan, dirulaguntzen kudeaketa, onura fiskalak...
• Informazio gehiago:
Kale Nagusia, 43 behea (asteazkenak, 14:00-19:00 eta ostiralak, 09:00-14:00).
722 151 640 (09:00-15:00).
Posta elektronikoa: etxebizitzabulegoa@usurbil.eus