Greba orokorra

"Mobilizazio sozialak eta grebek funtsezko garrantzia dute"

Noaua Aldizkaria

Argazkia: Txintxarri.

Etxebizitza eta soldata duinen aldeko greba orokorra deitua dago azaroaren 11rako. Usurbilgo LAB asanbladak hainbat mobilizazio deitu ditu, bezperako kanpalditik hasita.

Aurrekaririk gabeko greba orokorraren atarian gara. Soldata duinak izateko eskubidearekin batera, etxebizitza duinen aldeko greba eguna deitu dute asteazken honetarako, azaroaren 11rako LAB, ELA, ESK, STEILAS ETXALDE, HIRU sindikatuek Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin eta Etxebizitzaren Sindikatu Sozialistarekin batera. "Azaroaren 11n, etxebizitza eskubidea bermatu dadin eta espekulazioari ezetz esateko eguna izan dadin deia egin dugu"; horrez gain, "baita langileon pobretzearen aurka eta soldatak igotzearen alde, eta denon eskubideak bermatuko dituzten kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalen defentsan", sindikatu deitzaileen esanetan. Bide batez, "eskuin muturraren agendaren aurkako greba" ere izango dela jakinarazi dute. "Izan ere, bete-betean bizitzen ari gara talka bat: batetik, sakoneko birbanaketa politiken, gehiengoen interesen, eskubideen zabalpenaren, eta, oro har, bizitzaren aldeko defentsa; eta, bestetik, pribilegiatuen, errentismoaren, negozioaren eta kapitalaren agenda erreakzionarioa". 

Etxebizitzarako sarbidea, garestiegi
Usurbilen, segidan dituzuen mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dutenen artean da Ernai Usurbil. Aipatu gazte antolakundeak eta LAB sindikatuak elkarrekin landutako Hego Euskal Herriko "gazteen argazki sozioekonomikoa" aurkeztu dute egunotan. Dokumentu horrek gazteak egoera zaurgarrian direla baieztatzen duten hainbat datu argigarri plazaratu ditu. 1.500 euro baino gutxiagoko soldata du, 25 urtetik beherako bost gaztetik bik (%39,26) eta 30 urtetik beherako hiru gaztetik batek (%32,13). Ehun euro gehiagoko soldata erreferentzia gisa hartuta, gazteek bizi duten prekarizazioa are nabarmenagoa da: 1.600 euro baino gutxiagoko soldatak dituzte 25 urtetik beherako bi gaztetik batek (%48,25) eta 30 urtetik beherako bost gaztetik bik (%40,50). Ondorioz, gazteen ehuneko handi bat alokairuan bizi da. "Funtsean, ikusten duguna da 25 urtetik beherako gazteek soldataren %78 bideratzen dutela alokairua ordaintzera. Ondorioz, %22 gelditzen zaie gainontzeko gastuei aurre egiteko". Horregatik, bideraezina da alokairuko etxebizitza batean bakarrik bizitzea. "Irtenbidetzat hartzen da pisua partekatzearen ideia, izan ezezagunekin, lagunekin edo bikotekidearekin. Izan ere, etxebizitzaren prezioak 2015etik igoera esponentziala izan du, baina batez besteko soldatak ez du logika bera jarraitu".

Etxebizitza erosteari dagokionean, gazteok jasotako diru-sarreren %30 etxebizitza ordaintzera bideratuz gero, 2024tik zenbatzen hasita, "30-31 urte beharko lituzkete, batez beste, etxebizitza sozial bat ordaintzeko. Etxebizitza libreen kasuan, ordea, 53 urte beharko lituzkete". Adin tarte guztien batez bestekoa kontuan izanda, 19 urte behar dira babes ofizialeko nahiz etxebizitza sozialak ordaintzeko eta 35 urte, salmenta libreko etxebizitzen kasuan.

Ernaik eta LAB-ek landutako dokumentuak ondorioztatutakoaren arabera, "lan-baldintzak urteekin zertxobait hobetzen badira ere, soldaten bilakaerak ez du etxebizitzaren prezioen gorakadaren erritmoa jarraitzen. Horixe bera da arazoa areagotzen duena. Datuek argi erakusten dute, gazteen etxebizitza-irisgarritasuna egoera larrian dagoela".

"Urrats bat aurrera"
Horregatik, "pobretzearen eta prekarizazioaren aurrean, antolakuntzarako eta borrokarako deia" egin dute aipatu bi eragileok azaroaren 11n. Euskal gaztediari aktiboki parte hartzeko gonbita egin diote. Ernaik bere aldetik, "urrats bat aurrera" izeneko proposamena plazaratua du, "Euskal Herriko gazte oro duintasunez bizi dadin". Etxebizitza duina eta eskuragarria izatea da proposamen horren erronketako bat. Haien dokumentuan bildutako datuek argi erakutsi bezalaxe, Hego Euskal Herrian 30 urtekoa da emantzipatzeko batez besteko adina (Europan, 26,2koa). Azken hamarkadari dagokionean, 2015ean gazteen %36,8a emantzipaturik zen; egun, "aldiz, %32ra ere ez da iristen". Ernaik plazaraturiko zenbaki gehiago; alokairuaren batez besteko prezioa ia 800 eurokoa da, "EAEn ia 40.000 gaztek Etxebiden laguntza eskaera egina dute. Hego Euskal Herrian, %32ak senideen laguntza jasotzen du alokairuari aurre egin ahal izateko". Arazoaren erroan dago konponbidea, Ernaik landutako dokumentuaren arabera. Euskal Herriko behar eta baldintza propioak kontuan hartuta, etxebizitza negozioa izatea saihesteko politikak diseinatu eta abiarazi behar dira. Informazio gehiago, urratsbataurrera.ernai.eus atarian jaso daiteke. 


Funtsezko greba
Greba deialdi honen atarian, Ernai Usurbil gazte antolakundetik aditzera eman dutenez, "etxebizitzaren arazoa ez da gaur egungo kontua, arazo estruktural sakona da, sistema kapitalistaren barruan etxebizitza oinarrizko eskubide izateari utzi eta negozio tresna bihurtu delako. Egungo egoera politika publikoen ezintasunaren ondorioa da, ez baitute funtsezko ideia bat zentroan: etxebizitza duin batera sartzea oinarrizko eskubidea dela. Etxebizitza negoziorako bitarteko gisa erabiltzen da, kapitalaren logika aseezinaren ideiak ardaztua dagoelarik".

Baina, argi denez, "etxebizitzak negoziorako bitarteko izateari utzi behar dio eta etxebizitza eskubidea bermatu behar da. Arazo honi aurre egiteko bi lehentasun nagusi daude", gazte antolakundearen esanetan; "batetik, Euskal Herriak burujabetza behar du etxebizitzaren inguruan lege eta arau propioak eraikitzeko eskumenak izateko, espainiar zein frantziar estatuek ez baitituzte gure beharrak aseko. Bestetik, politika horiek gure behar politiko, ekonomiko, sozial eta sindikal propioetatik abiatuta diseinatu behar dira, etxebizitza eskubide gisa errespetatzeko". 

Lehentasunok gauzatze bidean, Ernai Usurbilen esanetan, "mobilizazio sozialak eta grebek funtsezko garrantzia dute aldarrikapen hauek hauspotzeko eta Euskal Herrian lurraldetuta dimentsionatzeko. Greba orokor honetan, beraz, ikuspegi hori indartzea dagokigu, Euskal Herrian ditugun baldintzez hitz egitea, eta azken urteetan egindako aldarrikapen, zein borroken bidetik tira egitea. Euskal Herrian baditugu baldintzak herri sektorea zentroan izango duen proposamen askatzaileei bide emateko, eta bide honetan, greba orokorrak, ekarpena egiten du".

Horregatik, azaroaren 11ko greba eguna, Hego Euskal Herriko bi gobernuei, Eusko Jaurlaritzari zein Nafarroako Gobernuari ondorengoa eskatzeko baliatu nahi dute: "gutxieneko soldataren eta orohar, soldata duinen defentsa; alokairu mugagabeak eta prezioen jaitsiera; etxegabetze guztien gelditzea; funts putreen espropiazioa eta parke publikoaren handitzea eta indartzea; eta, azkenik, etxebizitzaren erabilera espekulatiboa debekatzea". Usurbildarrak greba egunarekin bat egin eta iragarritako mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte.

 

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de LAB USURBIL (@a11grebaorokorrausurbil)