Azaroaren 18an

"Esnatu Usurbil" aurkeztera doaz, euskara biziberritzeko estrategia zehazteko

Noaua Aldizkaria

UEMA-ren "Esnatu" dinamika Usurbila dator. Udalbatzak gai horri lotutako mozioa onartu ostean, "herrian euskara biziberritzeko estrategia zehazteko helburua" duen ekimena aurkeztuko du azaroaren 18an, horretarako eraturiko talde eragileak. Gogoeta prozesua abiarazi nahi dute, Usurbilgo eragileekin eta norbanakoekin.

Usurbil kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) "Esnatu" izeneko ekimena abiarazi zuen udaberrian. "Era guztietako eragileak ahalduntzea eta eremu euskaldunek bizirik iraun dezaten haien konpromisoak sustatzea", da dinamikaren helburua. Izan ere, "gaur egun bezala jarraituz gero, eremu euskaldunenean ere euskarak atzerantz egingo duela diote ikerketek, eta horri erantzuteko eta egoera iraultzeko arduratik sortutako ekimena da, hainbat eragileren laguntzarekin".

Gogoeta-prozesua
Beste hainbat herrietara bezalaxe, "Esnatu" ekimena Usurbila heldu da; egunotan berri eman moduan, lehenbizi, udalbatza aretora. Urria amaieran eginiko osoko bilkuran gai horri lotutako mozioa aho batez onartu zuten EH Bildu eta EAJ alderdietako ordezkariek. Hainbat konpromiso hartu zituzten; horien artean, askotariko herritarrekin eta eragileekin Usurbilen "euskararen etorkizunari buruzko gogoeta-prozesua egitea". 

Gauzatze bidean jarri asmo dute orain. Hala jakinarazi zuen euskararen alorreko udal ordezkari Maialen Iñarra Arregik urria amaierako osoko bilkuran. Iragarri zuenez, "datozen egunetan aurkeztu nahi dugu herritarrekin eta eragileekin batera egin nahi dugun gogoeta prozesua". Prozesu horretan, "Usurbilen euskarak izango duen etorkizunaren inguruan hausnartzera gonbidatu nahi ditugu".

Aurkezpena
Azken orduotan, prozesua abiatzeko lehen hitzordua iragarri dute, azaroaren 18rako hain zuzen, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Deitzaileek kaleraturiko kartelak dioen moduan, "orain arte egin duguna eginda, ez dugu aurrera egingo; beraz, estrategia bateratu baten premia dugu". Horregatik galdetzen dute, "zer egingo dugu Usurbilen euskara biziberritzeko?".

Galdera horri erantzuten saiatu nahi du, "Esnatu Usurbil" dinamikak. "Herrian euskara biziberritzeko estrategia zehazteko helburua du", hilabeteotan beste hainbat herrietan egiten ari diren moduan. Dinamikaren sustapenerako talde eragilea osatu dute Usurbilgo Udalak, NOAUA! Kultur Elkarteak, Etumeta AEK euskaltegiak, Udarregi ikastolak eta Elhuyarrek, Usurbilgo udalerria kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin (UEMA) batera. Hilaren 18ko hitzordua, askotariko eragileekin eta herritarrekin abiarazi nahi duten dinamika aurkezteko baliatuko dute.

"Parte-hartze prozesuaren asmoa da euskara biziberritzeko garatu beharreko herri estrategia komunitarioa zehaztea eta definitzea, hamar urteko ikuspegiarekin. Izan ere, argi erakutsi du Siadecok 2025ean egindako proiekzio demolinguistikoak: euskararen alde orain arte egiten ari garena egiten jarraitzen badugu, euskarak bizi duen geldialdia galera fasean sartuko da.  Usurbil aldatu egin da soziodemografikoki, eta horrek eragin soziolinguistikoa du. Herriko gaur egungo datuak esku artean dituzte: horiek ere azaroaren 18an ezagutaraziko dituzte", aurreratu dute deitzaileek. Gaur egungo egoeraren berri eman, horri buruz hausnartu eta "ondoren, euskara biziberritzen jarraitze aldera, datozen urteetan zer lan-ildo lehenetsi erabakitzeko" baliatu nahi da "Esnatu Usurbil" dinamika.

Hiru fase
Talde eragileak hiru fasetan landuko du ekimena. Hasteko, "talde elkarrizketa berezituak egingo dituzte: hainbat alorretako egitasmoetan parte hartzen ari diren herritarrak elkartuko dituzte, eta euskararen egoeraz, beren hizkuntza-bizipenez eta herriko egitasmoetako hizkuntza-kudeaketaz jardungo dute, herriko egoera soziolinguistikoaren irakurketa osatzeko".

Bigarrenik, "hiru gogoeta gune zabal eskainiko dira, urtarrilean hasi eta udaberrira bitartean, etorkizunera begirako herri estrategia diseinatzeko".

Azkenik, "herriko eragileek euskara biziberritzeko konpromisoak har ditzaten sustatuko da".

Usurbilgo Udaletik jakitera eman dutenez, hilabeteotan udal barruan "Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana eta hizkuntza irizpideak onartu" eta horiek inplementatzeko "udaleko sail guztiekin bilerak egin dira, eguneroko praktikari begira izan ditzaketen zailtasunak eta kezkak partekatzeko, eta bakoitzarentzako plan egokituak definitzeko helburuarekin. Horrekin batera, euskararen biziberritzea ahalik eta udal-jardun gehienetan lantzea da udalaren asmoa". Lanketa hau, ordea, herrira zabaldu nahi dute orain.

Mozioa
Hilaren 18ko ekimenaren aurretik, gai horri buruzko mozioa onartu zuen udalbatzak urria amaierako osoko bilkuran. Segidan duzue, aho batez onarturiko aipatu mozioak dioena bere osotasunean. "Esnatu" dinamikari buruzko informazio gehiago esteka honetan jaso dezakezue: uema.eus


ESNATU MOZIOA
Arnasguneek hizkuntza gutxituen biziberritzean duten garrantziaz sarri hitz egin da Mikel Zalbide soziolinguistak kontzeptua bera euskarara ekarri zuenetik. Lehenago, UEMA sortu zutenek ere, lurgune euskaldunak euskarak bizirik irauteko duen garrantziaz ohartuta ekin zioten mankomunitatearen ibilbideari. Harrezkero, urte askoan egindako lanaren ondotik, gaur egun adostasun handia dago arnasguneek indarberritze-prozesuan duten garrantziaren inguruan, bai euskalgintza sozialean, bai akademian, bai euskararen alde ari diren erakunde publikoetan.

Kezkatzekoak dira, ordea, euskara indartsuen dagoen lurgunean antzematen diren joerak. Ez da oraingo kontua udalerririk euskaldunenetan adierazle soziolinguistiko nagusiak atzeraka hasi izana, baina urteek aurrera egin ahala, egoera kezkagarri batera iritsi gara, zinez. Adierazle nagusietan atzera egiteaz gain, gune horietako hiztunen tipologia ere asko aldatu da. Azken batean, nazioarteko joera orokorrekin bat, bizi-ereduaren bilakaerak, bilakaera demografikoak eta globalizazioaren ondorio zuzenek arnasguneak desagertzeko bidean jarri dituzte. Argi erakutsi du Siadecok 2025ean egindako proiekzio demolinguistikoak: euskararen alde orain arte egiten ari garena egiten jarraitzen badugu, euskarak bizi duen geldialdia galera-fasean sartuko litzateke. Horri aurre egingo dion erantzun sendo bat mamitu nahiak bultzatu zuen UEMA otsailean Lurralde Estrategia Euskararentzat proposamena aurkeztera.

UEMAk, 121 udalerri euskaldun biltzen dituen erakunde publikoa den heinean, dagokion arduratik eta eremu euskaldunena gure hizkuntzarentzat giltzarria dela jakinda egin zuen proposamena. Ekarpen hori bere bidea egiten ari da. Proposamen horrek hizkuntza-politikaren norabidea aldatzea eskatzen du, eta, bide horretan, adostasunak bilatzeko lanean ari da UEMA orain.

Horrekin batera, Esnatu dinamika abiatu zuen UEMAk apirilean, politikatik egin beharrekoaz gain, gizartea bera ere badelako nor geldialdi horri aurre egin eta euskararen biziberritzea indarraldian jartzeko. Dinamika horren abiapuntu gisa, Euskal Herriko nazio mailako 18 eragilek atzerakada hori gelditzeko konpromisoak hartu zituzten. Ordutik, udalerriz udalerri herrietako eragileak ere dinamika horretara gehitzeko lanean dihardu UEMAk. Ildo horretan, guri, udal gisa ere, badagokigu gure eredugarritasuna ikusaraztea, eta bide honetan gure alea jartzea.

Usurbil udalerri euskalduna da, eta biziberritze-prozesuan euskara sustatzeko urrats sendoak ematea da gure helburua. Horretarako, Udalak duen arduratik eta dituen eskumenetatik konpromiso hauek hartzen ditugu:
- Erabilera-planean onartutako hizkuntza-irizpideak betetzea.
- Kontratazio publiko guztietan hizkuntza-baldintzak txertatu eta horien jarraipena egitea.
- Doako euskalduntzea bermatzea.
- Haur eta gaztetxoen aisialdia euskara hutsean programatzea.
- Udalen eskumenekoak diren esparruetan euskararen normalizazioan urrats sendoak ematea (ELE Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa arautzeko ordenantza, terrazetako ordenantza, azoka eta ferietako ordenantza…).
- Etorri berriak euskarara gerturatzeko egitasmoetarako bitartekoak areagotzea.
- Zenbait arlotako (ostalaritza, zaintza eta abar) langileak euskalduntzeko bitartekoak areagotzea.
- Esnatu dinamikari lotuta, euskararen etorkizunari buruzko gogoeta-prozesua egitea herrian, askotariko herritar eta eragileekin batera.