#M23

"Usurbilgo alkate izateko prest nago"

Noaua Aldizkaria

Usurbilgo EH Bilduren Mahai Politikoak Gari Udabe Pagola proposatu du 2027ko udal hauteskundeetako alkategai izateko, egunotan jakinarazi moduan. Azken orduotan, estreinakoz hautagaiak berak hartu du hitza, sare sozialen bidez zabaldutako bideo bidez.

"Usurbilgo alkate izateko prest nago", hala jakinarazi du Gari Udabe Pagolak. Estreinakoz hitza hartu du zubietarrak sare sozialetan partekaturiko bideo bidez, Usurbilgo EH Bilduren Mahai-Politikoak bera alkategai izatea proposatu ostean.

"Usurbilen jaio, hazi eta hezi nintzen. Ikasketaz kazetaria naiz eta ofizioz irrati-esataria. Urte asko Atlantikoaren bestaldean eman nituen, baina handitik txikira etortzea erabaki nuen, besteak beste, elkar zaintzen duen herrian sinesten dudalako", adierazi du zubietarrak eta horrekin batera, "euskaraz bizi eta kulturatik elikatzen den herria maite dudalako".

Ondorioz, "horregatik, EH Bilduren Mahai Politikoak egin didan proposamenari ilusioz eta, batez ere, ardura handiz baiezkoa ematea erabaki dut". Usurbilgo alkate izateko prest dagoela adieraztearekin batera, "egingo dugu orain arte bezala elkarrekin bidea?", adierazi du.

Agurtzane Solaberrieta Mesaren erreleboa
Duela egun gutxi, 2019az geroztik Usurbilgo alkate izandako Agurtzane Solaberrieta Mesak kargu horretan ez zuela jarraituko jakinazi zuen, herritarrei zuzenduriko gutun bidez. Egun gutxiren buruan, Usurbilgo EH Bilduren Mahai Politikoak 2027ko maiatzaren 23ko udal hauteskundeetarako alkategaia proposatu zuen; Gari Udabe Pagola zubietarra da. "Agurtzane Solaberrietaren erreleboa hartuta, ezkerreko subiraniston proiektua gidatzen jarraitzeko pertsonarik egokiena dela iritzita" hartu du aipatu erabakia mahai politiko horrek, egunotan jakinarazi moduan. Proposamen hau herriko bilkideek berretsi beharko dute, "urtarrilean barne mailan gauzatuko den prozesuan".

Usurbilgo EH Bildutik azaldu moduan, 1975ean jaiotako zubietarra kazetaria da ikasketez eta ofizioz. "Kazetaritza eta komunikazioaren arloan izan duen ibilbide profesional bikainarengatik, taldean lanean aritzeko duen trebetasunagatik eta herritarrekin hartu-emanetarako duen gaitasunagatik proposatu du hautagai gisa", Usurbilgo EH Bilduren Mahai Politikoak.

"Egindako proposamenari ilusioz heldu dio"
Mahai berak deskribatu moduan, "hurbileko pertsona da, gaztea eta gaitasun handikoa, eta, gainera, komunikaziorako berezko dohaina du eta herriaren eta usurbildarren ezagutza handia. Gisa honetako ardura bat betetzeko indargune ugari ditu, beraz, EH Bilduren hautagaiak". Horregatik guztiagatik hautatu du koalizioaren mahai politikoak zubietarra alkategai gisa proposatzea. Udabek "egindako proposamenari ilusioz heldu dio. Herriarekiko konpromisoak eta lan egiteko gogo eta ilusioak bultzatu du erronka honi baietz esatera".

EH Bildutik argi dute, batetik, "Usurbilgo behar eta erronka erraldoiei erantzuten jarraitzeko lemazain egokia" izango dela Udabe eta "oso ongi konektatuko duela alkate paperetik herriko eragile eta herritarrekin. Eta hori ezinbestekoa da EH Bilduren proiektua gauzatzeko. Izan ere, gurea herritarren behar eta kezkei erantzuteko proiektua da. Eta urteotan, Usurbilgo EH Bilduk erakutsi duen moduan, konpromiso osoa hartu nahi dugu datozen hautetsiekin norabide berean jarraitzeko".

"Pertsona bikainak hartuko du nire lekukoa"
Albistea iragan ostegunean ezagutzera eman eta berehala eman zen sare sozial bidezko lehen hartueman zuzena egungo alkatearen eta EH Bilduren Mahai Politikoak proposaturiko hautagaiaren artean. Agurtzane Solaberrieta Mesak adierazi duenez, "pertsona bikainak hartuko du nire lekukoa. Gari Udabe Pagolak nire babes osoa du". Eskertza helarazi nahi izan dio zubietarrari. "Mila-mila esker aurrera urratsa egiteagatik!".

Bueltan, alkategai proposatu berriaren eskertza jaso zuen.

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de Gari Udabe (@gariudabe)