Greba orokorra

Eragin nabarmena izango du greba orokorrak Usurbilen

Noaua Aldizkaria

Martxoaren 17ko soldata duinen aldeko greba orokorraren antzera, aurrekaririk ez duen soldata eta etxebizitza duinen alde, ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera, "Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez!" aldarripean, asteazken honetarako, azaroaren 11rako deitutako greba orokorrak eragin nabarmena izango du Usurbilen.

Usurbilgo Udala
Udaletik jakitera eman dutenez, "udal-langileen gehiengoak etxebizitza eskubidea bermatzeko azaroaren 11ko greba orokorraren deialdiarekin bat egin du, eta, beraz, udaletxea eta udal-zerbitzuak itxita izango dira".  Udal-gobernuak ere greba egunarekin bat egin eta, biharko deitutako mobilizazioekin bat egitera deitu ditu herritarrak.

Udaletik ohartarazi dutenez, "Eguneko Arreta zerbitzurik ez da eskainiko, ezta Bidez Bide garraio zerbitzua ere". Aurreko greba egunetan gertatu izan den moduan, "Garbitaniako langileek ere bat egin dute greba deialdiarekin. Hori dela eta, asteazkenean ez da hondakinen bilketa zerbitzurik izango. Atez ateko bulegoak jakinarazi duenez, larrialdi guneak irekita izango dira, behar dutenentzat".


Udarregi ikastola
Udarregi ikastolak ere bat egin du asteazken honetako, azaroaren 11ko greba orokorrarekin. "Deialdiaren inguruan Lankide Batzarra ospatu eta bozketa egin ondoren, greba deialdiarekin bat egitea erabaki" zuen.


Gutxieneko zerbitzuak
Eusko Jaurlaritzak biharko greba egunerako gutxieneko zerbitzuak finkatu ditu. Besteak beste, osasungintzan, jaiegunetako langileak izango dituzte larrialde zerbitzuek. Larrialdiek eta Etengabeko Arretako Puntuek %100ean segiko dute eta Lehen Mailako Arretak, larunbateko zerbitzuekin funtzionatuko du. Hezkuntzan, hezkuntza etapa bakoitzeko irakasle bat egotea galdegin dute, hezkuntza laguntzako espezialisten nahiz hezkuntze bereziko ohiko langileen %50a. Garraio publikoan, zerbitzuen %30ean mantendu asmo dituzte.

Guxieneko zerbitzuak zehazturiko agindua inpugnatu dute, "ezarri dituzten zenbatekoak abusuzkoak dira erabat eta", LAB sindikatutik aditzera eman dutenez. "Izan ere, greba oinarrizko eskubidea da langileentzat". Horregatik, "gutxieneko zerbitzuek grebarako eskubidea galaraziko diote hainbat eta hainbat langileri".

Lurraldebus
Gutxieneko zerbitzuok finkatu ditu Lurraldebusek:
BU02 (Aginaga): Usurbil-ospitaleak
-Aginagatik: 07:05, 14:05, 21:05.
-Usurbildik: 09:45, 17:45.
-Ospitaletik Usurbileraino: 10:30, 18:30.
-Ospitaletik Aginagaraino: 8:10, 15:10, 22:10.

BU10: Usurbil-Hernani
Usurbildik: 7:15, 7:45, 14:15, 21:15.
Hernanitik: 7:25, 7:55, 14:55, 21:55.

BU15: Eskuzaitzeta-Donostia
Eskuzaitzetatik: 07:05, 08:05, 16:05, 17:05, 20:05.
Donostiatik: 06:30, 07:30, 13:30, 16:30, 20:30.

UK09: Zumaia-Donostia
Usurbildik Donostiarantz: 8:10, 9:15, 13:15, 13:45, 19:15, 20:15.
Usurbildik Oriorantz: 9:15, 14:15, 14:45, 19:15, 20:15, 21:45.

Informazio gehiago, lurraldebus.eus atarian jaso daiteke.

OPA herri plataformak
Ohar bidez, osasungintza publikoaren aldeko Hego Euskal Herriko plataformek greba orokorrarekin bat egitea erabaki dute. "Etxebizitza duina eta eskuragarria izateko eskubidea, soldata eta pentsio nahikoak eta zerbitzu publiko indartsu, unibertsal eta kalitatezkoak defendatzeko deialdia babesten dugu", jakinarazi dute. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari galdegin diote, "beren eskumenak erabil ditzatela etxebizitzaren arazoari eta prekarietateari aurre egiteko". Deitutako mobilizazioetan parte hartzeko gonbita egin dute.

Izan ere, etxebizitzaren arazoak "gure osasunari ere eragiten dio. Duela 50 urte baino gehiago, Lalonde txostenak adierazi zuen osasuna ez dagoela soilik osasun-arretaren mende, baita bizi-baldintzen eta lan-baldintzen mende ere. Etxebizitza galtzeko beldurrez bizitzeak, alokairua ezin ordaintzeak edo hilabetearen amaierara ez iristeak estresa, antsietatea eta sufrimendua eragiten ditu; kroniko eginez gero, gaixotasun kardiobaskular larriak eta heriotza eragin baititzake, Maricarmenekin gertatu den bezala".

Ohartarazi dutenez, "osasun ondorioak are okerragoak dira etxegabetzearen mehatxua jasaten dutenentzat. Social Science & Medicine aldizkari zientifikoak ebidentziak aurkitu zituen egoitza-segurtasunik ezak eta etxegabetze-mehatxuak osasun mentalaren narriadura handiagoarekin lotzen direla, antsietatea eta depresioa barne. EuroHealthNet-en arabera, egoera zaurgarrienean dauden talde sozioekonomikoetako pertsonek osasun-egoera txarra izateko probabilitate bikoitza dute. OMEk ere baieztatzen du diru-sarrerek, etxebizitzak eta gizarte- eta lan-baldintzek gure osasunean duten eragina".

Txirikorda
Ugartondoko belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioak ere bat egin du azaroaren 11ko greba orokorrarekin. Sare sozialen bidez zabaldutako ondoko irudiarekin batera jakinarazi duten moduan, "etxebizitza eskubideak guztiona izan behar duelako, Txirikordak ere azaroaren 11ko greba orokorrarekin bat egiten du".

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de TXIRIKORDA (@txirikorda_usurbil)