Txalaparta Festa

"Jendea etor dadila txalaparta jo nahiz ezagutzera"

Noaua Aldizkaria

Txalapartaren bueltako kultura plazaratuko du Jexux Artze K.E.-k azaroaren 14rako antolaturiko jaialdiarekin. Aurtengo edizioak senidetzea izango du ardatzetako bat, Jexux Artze K.E.-ren kide Jurgi Fuentesek eta Zumarteko alboka irakasle nahiz txalaparta ikasle Teresa Jareñok lerrootan azaldu diguten moduan.

Usurbil eta Oiartzun ordezkatuak daude elkarrizketa honetan. Ez da kasualitate hutsa? 
Jurgi Fuentes: Txalapartarena, oso mundu txikia da eta horren inguruan gabiltzanok ez gara hainbeste. Hemen, gainera, suertatu da, Txalaparta Txokoan Oreka TX-koak egon direla. Talde horretako kideetako bat, Harkaitz Martinez de San Vicente, kasualitatez Oiartzungo irakaslea ere bada eta horrek erraztu du aurreko urteetan, bertako ikasleak gurekin egunpasa egitera etorri izana. Nolabait, bi herrion arteko senidetzea ofizialtzeko aukera ere izan daiteke. Izan ere, erreferenteak baditugu gure herrian, Jexux eta Joxan Artze. Haiekin batera hasi zen Juan Mari Beltran. Juan Mari lehen ediziotik izan dugu hemen, hitzaldiak eman eta iaz kontzertua eskaintzen. Oiartzungo Txalaparta Eskola ere bere zuzendaritzapeko herri musika eskolaren barruko ikasgaia da.

Harreman horretan pauso gehiago eman nahi dituzue? 
J.F.: Usurbilgo ikasleen emanaldiez gain, Oiartzungoen saioak egongo dira. Aurrera begira, asmoa da, Txalaparta Festa bera txandaka antolatzea; urte batean Usurbilen eta hurrengoa Oiartzunen, bi herrietako antolakuntza taldeekin. Hala, herri bietako proiektuak indartzeko.

Nolatan eman asmo duzue urrats hori?
J.F.: Batez ere, kalean jotzeko instrumentua da. Lehen pausoak emateko eremu informalak derrigorrezkoak dira. Txalaparta Festan ere txalaparta irekia egoten da goizean. Lehenengo urteetan ikusten genuen nola kostatzen zen jendea hurbiltzea. Halako dinamikekin martxan jartzea errazagoa da.

Albokari dagokionean ere badira lotune gehiago?
Teresa Jareño: Bitxia da nola gauden albokari asko txalaparta ikasten, ni neu txalaparta ikaslea naiz. Txalaparta munduko jende askok du interesa albokaren inguruan. Sortzen dira sinergia horiek, gabiltzala hartuemanean aldiro. Duela lau urte hasi nintzen alboka klaseak ematen Zumarten eta jada, bertako ikasgai ofiziala da alboka. Ni naiz baita Oiartzungo Herri Musikaren Txokoko alboka irakaslea. Juan Mari Beltranek sortu zuen museoa eta dokumentazio zentroa. Horrekin batera sortu zuen Herri Musikaren Txokoa, herri musika instrumentuak ikasteko musika eskola, Gipuzkoa mailan dagoen bakarra. 

Alboka txalapartarekin hartueman estuan ikusi dugu Txalaparta Festen aurreko edizioetan. Zer nolako ekarpen egiten du?
T.J.: Biak dira kalean jotzeko instrumentuak. Txalaparta Festan bada une aproposa ere, txalapartaren alderdi erritmiko horri sartzeko alderdi melodikoagoa eta baita girotzeko txalaparta joaldien arteko uneak.

Zer nolako bizitza du albokak herriotan?
T.J.: Antzeko gabiltza bi eskoletan. Geroz eta ikasle gehiago daude, interesa dago halako instrumentuen inguruan. Kalera ateratzen saiatzen gara. Oso lotuak gaude baita herriko mugimenduetara, festetan parte hartzen dugu eta pixkanaka, ezagunago egiten eta zabaltzen goaz instrumentua. 

Ikasi bai baina gero, plazara ateratzeko.
T.J.: Ikasi, kalean jotzeko bai. Instrumentuok kalean ikusgarri egin eta kalean jotzeko dira. 

Horrek transmisioan eragin dezake, gainera?
T.J.: Dudarik gabe. Gainera, kalean ikusteak ere eragiten du jendeak ezagutzea eta jendeak ikasi nahi izatea.
J.F.: Bitxia da. Oiartzungo albokariak lehen urtean ekarri genituen musikariak behar genituelako kaleak girotzeko eta urteekin bihurtu dira, Usurbilgo albokarientzako lehenengo plaza errazteko talde batean. Teresa beti saiatzen da Usurbilgo alboka ikasleak egun horretan ateratzen. Oiartzungoek eramaten dute haria eta hemengo ikasle bakoitzak dakizkien abestiak jotzeko aukera izaten du kalean. 

Zer moduzko osasuna du Txalaparta Festak? 
J.F.: Nolabait, errotu dela esan dezakegu. Urtero saiatu izan gara zer edo zer desberdina txertatzen egitarauan. Aurten, Oiartzunen eta Usurbilen senidetzea izango da nobedadeetako bat. Bestalde, goizeko Txalaparta Irekia saioan adibidez, ikusi da nola taldetxoak sortzen diren eta jendea jotzera animatzen den. Hasieran hutsik egoten zen hainbat uneetan. Hori seinale ona da. 

Ikastaroetara kide gehiago erakartzeko amua izan daiteke. 
J.F.: Lagungarria da. Ikasle talde bat beti mantentzen da. 

Erraza zaizue jendaurrean jotzea?
J.F.: Oso aberasgarriak dira jendaurreko emanaldiak. Ohiko urduritasuna kenduta, esker oneko instrumentua da jotzeko. 
T.J.: Espazio askoz goxoagoak dira jotzeko, eskenatokiak baino. Beldurra izaten da hasieran, baina ikasten ari gara guztiok. Beste seriotasun bateko plazetara joateko esperientzia izateko aukera ederra da. 

Publikoa ere adi egon ohi da.  
J.F.: Kalean aukera handirik ez da egoten entzuteko. Txalaparta ekitaldi batzuen hasieran edo amaieran jotzen da, baina beti bigarren maila batean ikusten da. Egun horretan erdigunean jartzeak bestelako arreta jartzeko aukera ematen du. Maila desberdinetako joaldiak ikusi daitezkeenez, ikus daiteke zer zailtasun duen. 
T.J.: Proposamen ezberdinak ezagutzeko aukera ematen du.

Nolakoa izan ohi da instrumentuon ikasketa prozesua?
J.F.: Trebatzearekin lortzen da gaitasuna. Garrantzitsua iruditzen zait, urduritasuna kentzea eta lasai jo ahal izatea. Horretarako, konfiantza osoa eduki beharreko pertsonarekin jotzea da onena. 
T.J.: Gustura eta lasai jotzea da garrantzitsuena. Ikasleak gara guztiak, pixkanaka ikasten eta hobetzen ari gara. Hanka sartuta ere ez da ezer gertatzen. Musika gozatzeko dago. 

Ikus-entzuleen babesa hor egoten da ezta?
J.F.: Zorte hori dugu. Instrumentu minoritarioak dira baina badoaz zabaltzen. Usurbilen behintzat, osasuntsu dago.
T.J.: Geroz eta jotzaile gehiago dagoela esango nuke, geroz eta proposamen berri gehiago daude. Bide berriak irekitzen goaz. 

Txalaparta Festara begira zer esan nahiko zenukete?
T.J.: Jendea animatu eta etor dadila txalaparta jo nahiz ezagutzera. Giro polita egongo da.  


Txalaparta Festa
Azaroak 14, larunbata
11:45 Herri erromeria, Mikel Laboa plazan (euria eginez gero, Askatasuna plazan): adar deia, Zuaznabartarrak, Goikoetxeatarrak, Zabalegitarrak, txalaparta ikasleen emanaldia, albokariak (Oiartzungo Albokalteak eta Usurbilgo Adarbakarrak), txalaparta irekia, txorizo eta sagardo banaketa.
14:00 Kalejira, albokariekin, Patri jatetxeko bazkarira. Bazkarian zehar, txalaparta irekia.
18:30 Oiartzungo Makilakixkirekin senidetzea. Olanoenea plazatik hasita kontzertuak herrian zehar: Jexux Artze Txalaparta eskola, Makilakixki, Esku-Txa hirukotea Txalaparta &+.
20:00 Bihotx kontzertua, Dema plazan.

Antolatzaileak: Jexux Artze K.E, 650 Usurbil Bizi.