Greba orokorra

Mikel Laboa plaza, etxebizitza eta soldata duinen aldeko kanpalekua

Noaua Aldizkaria

Etxebizitza eta soldata duinen aldeko greba hasi dute astearte iluntze honetan Mikel Laboa plazan. Kanpaldia kokatu dute bertan eta lehen informazio bilera egin dute, abiatzear den greba orokorraren inguruan.

Deitzaileek adierazi moduan, abiatzear den 24 orduko greba egunaren epizentroa dugu orduotan Mikel Laboa plaza. Etxebizitza eta soldata duinen aldeko kanpaldiari ekin diote hainbat herrikideek, astearte iluntze honetan. Datorren greba orokorraren erdigunea izango da Usurbilen. Lotarako gunea egokitu ostean, lehen informazio bilkura egin dute, asteazken honetako, azaroaren 11ko greba orokorraren testuingurua azaldu eta datozen deialdien berri emateko.

Belaunaldiarteko topaketan ekarri dute gogora, nola Madrilgo Mari Karmenen etxegabetzeak eta horren osteko heriotzarekin eztanda egin zuen, urte luzez, etxebizitzaren auziarekin bizi dugun larrialdi egoerak. Penintsulako beste hainbat herrialdeetan biharko deitutako greba orokorra deitzea erabaki zuten Hego Euskal Herrian ere LAB, ELA, ESK, STEILAS ETXALDE, HIRU sindikatuek Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin eta Etxebizitzaren Sindikatu Sozialistarekin batera, baina kanpaldiko lehen hitzorduan nabarmendu moduan, marko propiotik, Euskal Herriko ikuspegitik Euskal Herriko beharrei erantzuteko, eta erantzukizuna duten bi gobernuei eta patronalei zuzendua.

Argi utzi duten moduan, urte luzez gizarte hau sufritzen ari den auzi honi lotutako borroka ez da bihar hasiko ezta amaituko ere. "Greba honetan ez da ezer amaitzen", adierazi dute. "Denbora askorako etorritako" auzia da etxebizitza larrialdiarena.

Bide horretan, mugarri garrantzitsua izango da halere, abiatzear den greba orokorra. Ildo horretan, LAB Asanblada herritarra osatu da Usurbilen, datozen orduotarako deialdien egitaraua josten aritu dena. Komunitatea elkartu, grebaren hizpideei buruz hausnartu nahiz mobilizatzea sustatu nahi dute. Hasteko, informazio bileran zehar, herri bezala etxebizitzaren bueltako larrialdi egoerari nola erantzun beharko litzaiokeen edota erantzun horrek zer nolako forma hartu beharko lukeen, horri buruz aritu dira hausnartzen talde txikietan.

Segidan dituzue hurrengo orduotako deialdien berri:

Greba orokorra
Azaroak 11, asteazkena
05:00 Grebalarien bilkura kanpalekuan.
09:00 Grebalarien gosaria kanpalekuan.
10:00 Usurbildarron herri argazkia: "Etxebizitza eskubidea, ez negozioa".
10:45 Kotxeen juntadizoa: Denok Donostiko mobilizaziora!
11:45 Azaroaren 11ko mobilizazioa Donostian: Amarako Anoetako zutabera.
17:00 Ikurren prestaketa eta banaketarako topaketa.
17:30 Lasartera herri martxa.
18:00 Usurbilgo eta Lasarte-Oriako herrikideen manifestazioa Lasarte-Oriako Okendo plazatik.

Antolatzailea: Usurbilgo LAB Asanblada.