Greba orokorra

"Denontzat soldata eta etxebizitza duina aldarrikatuko ditugu"

Noaua Aldizkaria

Etxebizitza eta soldata duinen aldeko greba egun honetako goizeko lehen herri argazkia duzue albiste honi atxikitakoa. Goizeko 10:00etan atera dute, atzo iluntzetik kanpaldia eginiko Mikel Laboa plazan.





Segidan duzue, herri agerraldi horretan plazaraturiko adierazpena:

Pobretzearen eta errentismoaren kontra, Euskal Herrian etxebizitza eta soldata duinak denontzat
Hego Euskal Herriko langileok ez ditugu ontzat ematen bizitzaren prekarizazioa eta pobretzea. Antolatzeko eta borroka sindikal eta sozial ugari pizteko gai gara. Martxoan 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko greba indartsua egin genuen.

Bizitza izugarri garestitu da; elikagaien, erregaien eta energiaren prezioek gorakada handia izan dute. Etxebizitzarako sarbide ukatua dute milaka eta milaka herritarrek. Etxebizitza lehen mailako kezka soziala da. Soldata kaskarrekin batera, etxebizitzaren negozioa langileok pobretzeko arrazoi nagusia bilakatu da.

Kapitalaren eta bizitzaren arteko talka gordindu egin da. Izan ere, bete-betean bizitzen ari gara talka bat: sakoneko birbanaketa politika justuen, gehiengoen interesen, eskubideen zabalpenaren, eta, oro har, bizitzaren aldeko defentsa, batetik; eta pribilegiatuen, errentismoaren, negozioaren eta kapitalaren agenda erreakzionarioaren defentsa, bestetik. Talka horretan, etxebizitza eskubidearen aldeko borroka agenda erreakzionarioari aurre egiteko borroka nagusietako bat bihurtu da.

Eskubide berriak irabazteko bidean, LABek langile guztiak aintzat hartzen ditu. Gurea, sindikalismo feminista eta antiarrazista da, inor atzean uzten ez duena. Horregatik, etxebizitzaren eremuan ere, maizterrekin batera, antolatzen ari gara. Ekintza sindikala egiten ari gara eta kalean mobilizazio jendetsuak egin ditugu.

Egoera hau iraultzeko presio egiten jarraitu beharra dago: presio patronalei, LGS propio baten negoziazioari ekin diezaioten, hitzarmenetan soldatak duintzeko eta erosahalmena bermatzeko; presioa instituzioei, langileen aldeko politikak, politika birbanatzaileak, egin ditzaten. Hori da faxismoari eta oldarraldi erreakzionarioari atea ixteko bidea.

Etxebizitza larrialdiari aurre egiteko egiturazko neurriak behar dira. Ardura du Espainiako Gobernuak, eta baita EAEko eta Nafarroako gobernuek ere. Zentzu horretan, dugun autogobernu maila mugatua egun ez da erabiltzen ari langileen bizitzak hobetzeko; patronalaren interesak egon dira erdigunean. EAJ Madrilen higiezin patronalarekin lerratu da, eta berak zuzentzen duen Jaurlaritzak etxebizitzaren eskubidearen eta gutxieneko soldata propioaren aldeko neurriei bizkarra eman die. Horregatik, LABek EAJri exijitzen dio Madrilen zein Euskal Herrian langileei bizkarra ematen dioten politikak ezartzeari uko egiteko.

Nafarroan, berriz, LABen antolatutako maizterren presioari esker babes ofizialeko etxebizitzak blindatzeko onartutako lege aldaketa ez da nahikoa. Lege babes horretatik kanpo geratu diren etxebizitzak babesteko eta etxebizitza politika ausartagoa egiteko eskatzen dio LABek Nafarroako Gobernuari.

Norabide horretan, Madrilen posible ez diren aldaketak Euskal Herrian posible egiteko aukera dagoela uste du LABek, egiturazko aldaketak, eta norabide horretan urgentziazko neurriak hartzeko exijitzen die EAEko eta Nafarroako gobernuei.

Azaroaren 11n berriro kalera. Greba orokorra pobretzearen eta errentismoaren aurka. Euskal Herrian denontzat soldata eta etxebizitza duina aldarrikatuko ditugu.

LAB