"Prezipitazio handia" tarteko, abisu horian gaur gauean

Noaua Aldizkaria

Prezipitazio handia tarteko, abisu horian izango gara ostegun iluntzeko 21:00etan hasi eta ostiral goizaldeko 03:00ak arte.

Gogotik egin dezake euria ostegun gau honetan, azaroaren 12an. Izan ere, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, abisu horian izango gara gaur iluntzeko 21:00etan hasi eta ostiral goizaldeko 03:00ak arte. Tarte horretan, "ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke Kantauri isurialdearen iparraldeko zenbait lekutan, bereziki kostaldean. Zaparrada ertainak egingo ditu, zenbait lekutan handiak izan daitezke", Euskalmet-en arabera.

Honenbestez, ostegun honetan, hilaren 12an, Usurbilen, aipatu meteorologia agentziak aurreikusi duenez, "zerua hodeitsu egongo da, arratsalde-gauean oso hodeitsu edo estalita egongo da. Zaparrada txikiak egingo ditu, noizean behin ertainak. Egunaren bigarren partean, zenbait tokitan zaparrada handiak egin ditzake. Hego/hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, goizean goiz indartu egingo da, bolada gogorrekin. Arratsaldean ipar-mendebaldera egingo du, gauean indarra galduko du. Tenperatura maximoak gutxi jaitsiko dira".

Bihar, hilaren 13an, "zerua oso hodeitsu egongo da. Goizaldean zaparrada txikiak egingo ditu, zenbait tokitan ertainak izan daitezke; gainerako orduetan zaparrada txikiak egingo ditu noizean behin. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, tarte biziekin. Eguerdi inguruan eki/ipar-ekialdetik finkatuko da eta gauean hego-osagaira aldatuko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira. Tenperatura maximoak gutxi edo nahiko jaitsiko dira.".

Informazio gehiago, euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.