Ibilbide politikoa amaitutzat ematea aspaldi hartutako erabakia izan da?
Nire bizitzan halako epealdiak finkatzeko joera dut. Garbi neukan legegintzaldi horrekin bukatuko nuela ibilbide politikoa eta hala adierazi nuen. Honaino iritsi naiz, gustura eta egindako lanaz benetan harro sentitzen naiz.
2019az geroztik Madrilgo Diputatuen Kongresuan arituta, bada bereziki harro sentiarazi zaituen egitasmorik?
Gauza asko dira. Esan daitezkeenen artean, oso harro nago adibidez, gutxieneko miseriazko pentsioak igo ahal izanaz eta horien artean, alargunenak. Gure ekimena izan zen. Bestalde, urteotako lorpena izan da, gurekiko, Euskal Herriarekiko pertzepzioa nabarmen aldatu izana. Gure ekimenen eta lan egiteko moduaren bidez, jendea jabetu da gauzak ez zirela haiei kontatu zitzaizkien bezalakoak. Uste dut era horretan errespetua irabazi dugula eta zenbait uneetan, begirunea ere jaso dugula esango nuke. Izan ere, Kongresuan lan egiteko era oso modu zakarra, itsusia da. Guk beti hitza mantendu dugu. Gogoan dut hasierako urteetan harrituak geratzen zirela. Ez zuten sinesten guk esandakoa egingo genuenik. Baina esandakoa egin eta egin behar genuena beti esan dugu eta horrek fidagarritasuna eman digu. Ikusi zutenean benetan hala zela gure izateko era eta jokatzeko modua, hortik aurrera gauzak askoz hobeto joan ziren. Gure lan egiteko era, ez da batere bereizten, hemen, Euskal Herriko udaletan eta beste erakundeetan egiten dugun lanarekiko. Lan egiteko, mundu honetan egoteko modua da EH Bildurena eta hori zabaltzen dugu. Hor dago beste gakoetako bat. Aitortza hortik dator eta aitortza horretatik Euskal Herriarekiko eta Euskal Herrian gertatu denarekiko ikuspuntua ere aldatzea lortu dugula uste dut Madrilen. Sinesgarritasun horrek Euskal Herriarentzat lorpen dezente eskuratzera eraman gaitu.
Eztabaida asko eta erabaki gutxi hartzen duen irudia erakutsi zaigu Diputatuen Kongresuaz. Han erabakitakoak eragina du, ordea, gugan.
Gugan eragin handia dute. Neurri sozial asko eta asko horren mende daude. Hemen eskumen asko ditugu, baina egia da estatuak markatzen dituela ildoak garrantzia handiko gaietan: pentsioetan, gutxieneko soldatetan... Jendeak ikusi du gauzak lor daitezkeela, Euskal Herriaren alde egin daitekeela handik. Egia da, gure asmoa ez dela hor jarraitzea. Zenbat eta denbora gutxiago egon han, askoz hobeto. Izan ere, horrek esan nahiko luke burujabetza maila handiagoa izan eta ez dugula Madrilen mende egon beharrik, baina tamalez oraingoz hala da. Nik uste dut partida hori jokatu behar dela eta nolabait esateko, hori ere ikusaraztea lortu dugula. Gure jardunean egin duguna da, Euskal Herritarrengan pentsatu une oro eta bide batez, ezkerreko politikak aplikatzea lortu dugu. Ikusi da, gure jardunak izan dituela ondorio onak Euskal Herrian. Ondorioak beti dituzte han egindako politikek, baina uste dut ohituegiak ginela, maila handiko enpresei begirako jardunera. Hori ere gertatu da. Horrregatik han egon beharra aldarrikatzen segitzen dugu. Bestelako etorkizuna nahi badugu Euskal Herriarentzat, hor egoten jarraitu behar dugu eragiteko ultraeskuinari eta eskuinari ateak ixteko eta aurrerapausoak emateko bai autogobernuan eta neurri sozialetan. Baldintza sozialak hobetu behar dira. Asko egin dugu, baina oraindik asko dago egiteke.
Bada legealdi honetan, bukatu gabe utzitako lanik?
Zinemaren Legea. Eskuartean nuen. Lege horrek euskal ekoizleentzat onura handiak ekarriko lituzke.
Nolakoa izan da ultraeskuinarekin elkarbizi beharra Madrilen?
Erasoak etengabekoak izan dira. Osoko bilkura bakoitzean gure aurka egin dute, oso modu bortitzean gainera. Haien estrategia izan da gure onetik ateratzea, hori lortu nahi izan dute beti. Baina oso harro nago lortu ez izanagatik.
Hauteskundeak ate joka ditugun honetan, ultraeskuinaren mamua tarteko, kezkatua zaude egungo testuinguruarekin?
Zirkunstantziak tarteko, Madril arretagunea da, lehen ez zena. Kezkagarria da egoera, baina konbentzitua nago Euskal Herriak berriro ezetza borobila emango diela. Lehen arrisku bezala ikusten zen ultraeskuina. Egun, jada gobernatzen ari dira hainbat erkidegoetan eta jendea ikusten ari da zer egiten ari diren hezkuntzan, ongizatean zer nolako atzerakada ekartzen duten. Ultraeskuinak eta eskuinak gobernatuko balute Madrilen, herri honek jakingo du erantzuten.
Zer legoke jokoan? Eskubide asko bai behintzat.
Izugarri. Pertsona guztion eskubideak kolokan egongo lirateke. Hamarkadetako atzerapausoak izango lirateke. Horregatik, hauteskunde hauetan ez da izango jokoan bakarrik ultraeskuinari ateak itxi edo ez ixtea. Nazio gisa ere aurrerapausoak eman ahal izateko, norabide berria izateko aukera hor dago. Horregatik dira hain garrantzitsuak.
Madrilgo esperientziaren ostean, nola oroitzen duzu Usurbilen alkate izan zineneko garaia?
Beti adierazi izan dut, zailena herriko alkatea izatea dela. Herriko alkatea edo zinegotzia izanda, zuzeneko ardura duzu eta arazoak zuzenean zuk konpondu behar dituzu. Madrilen, gauzak ondo joan daitezen lan egingo duzu. Baina udaletxe batean zu zara arduraduna denean. Ardura horrek zama handia du eta meritu handia, ez dena baloratzen. EH Bildun dugun balore handiena da, herritik gatozela, herrietan lan egiten dugula. Benetan balorea izan eta ardura gehien hartzen duten pertsonak dira herrietan, udaletan daudenak.
Legealdi amaieran dira udaletxean. Zer esan datozen udal ordezkari berriei?
Kontziente izan daitezela zer nolako garrantzia duen udaletan egiten den lanak. Herrietan egiten den lana da benetan, EH Bilduren bizkarrezurra. Herrietatik datorren indar guztiak sostengatzen gaitu, udaletan egiten den lanagatik.
Alkatetza 2015ean utzi zenuenetik nola eraldatu da herria zure ikuspegitik?
Hamaika urteotan izugarri aldatu da eta onerako, ederrago dago. Usurbil beti herri oso bizia izan da eta bizitasun hori mantentzea, gaur egun garrantzia handikoa da. Era berean, gauza on bat badu herri honek eta hori politika publikoak dira, hiriginza aldetik nola zaintzen den herria. Hazten ari da baina era kontrolatu batean. Hala lortzen da herri nortasun hori mantentzea.
Zure ibilbide politikoaren amaiera aipatu da hedabideetan, baina ez zure ogibideari lotutakoa.
Bai, jada jubilatzera noa. Egin egunkarian lan egin nuen, gero Gara egunkarian. Nolabaiteko identifikazio politikoa bazegoen eta lerro editoriala erabat kokatzen zen nik pentsatzen nuenarekin. Gero, Usurbilgo alkatetza utzitakoan nire ogibidera bueltatu nintzen. Gero, berriro politikan sartu nintzen. Nire jardun profesionalak bertan ikasitakoa politika mailan aplikatzen lagundu dit. Ibilbide logiko bat egin dudala uste dut eta pozik nago alde horretatik.
Gararen lehen zuzendaria izan zinen, garai zailetan.
Egin egunkariaren itxiera oso bortitza izan zen, une gogorrak izan ziren haiek ere. Gararen zuzendaritza hartu nuen, ez genekien nola bukatuko zen, Eginen zuzendaritza ere kartzelaratu zuten eta. Halakoa izan da gure bizitza. Espero dezagun, aurrerantzean, lasaitasun gehiagorekin bizi ahal izatea.
Aurrera begira, zer asmo duzu?
Ez naiz aldenduko. EH Bildun lan egingo dut beste modu batera, kargurik gabe, agerraldi publikorik eta esposizio publikorik gabe. Une bat heltzen da, familian eta lagunartean lasaiago bizitzeko beharra dagoena.