Donostiako Topo berria azaroaren 21ean jarriko du martxan Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriaren Sailak. 4,2 kilometroko eremu berria izango da, "Amara, Kontxa-Erdialdea eta Bentaberri", eremu horietako geltokiak lotuko dituena. Hiriaren erdialdea lurpetik zeharkatuko du trenak aurrerantzean. Helbide honetan aurki dezakezue gai horri buruzko informazio gehiago, topo.eus atarian hain zuzen.
Topo berri hori martxan jarriko den egunetik, hilaren 21etik aurrera hain zuzen, berrikuntza gehiago ere izango da udalerri hau zeharkatzen duen tren zerbitzuan. Izan ere, aipatu Jaurlaritzaren sailetik iragarri dutenez, aurrerantzean, urte osoko asteburuetan orduerdiro izango da tren zerbitzua, Zumaia eta Pasaia artean, igande goizetan izan ezik, tarte horretan, orduero eskainiko baita.
Gogoan izan, orain arte udan baino ez zela eskaintzen orduerdiroko tren zerbitzua asteburuetan. Aurrerantzean, beraz, urte osoan, egunero, orduerdiro izango da trena Oriorantz nahiz Donostiarantz, igande goizetan izan ezik.
Izendapen berriak
Horrez gain, badira berrikuntza gehiago ere. Izan ere, Usurbildik Donostiara edota Pasaia aldera joanez gero, hurrengo larunbatetik aurrera, Topo berria tarteko, "garraio aldaketarik gabeko zerbitzua eskainiko du EuskoTrenek".
"Jatorri eta helmuga desberdinak ordenatzeko asmoz, Euskotrenek bere lineen izena aldatuko du", iragarri dute. Hala, Matiko (Bilbo) eta Zumaia-Pasaia arteko zerbitzuak E1 izena izango du; T0 Añorga-Pasaia artekoak eta T1 Lasarte-Oria-Irun/Hendaia artekoak.
276 joan-etorri egunero
Añorga-Pasaia tartean 7,5 minutuko tartean eskainiko da tren zerbitzua hilaren 21etik aurrera, orduerdiro Lasarte-Oria-Hendaia eta aipatu moduan, Zumaia-Pasaia artean, eta orduero Matiko/Bilbo-Pasaia artean.
Añorga-Pasaia tarteari dagokion zerbitzu handitzeak bikoiztu egingo du tren-zerbitzua. "Pasantea martxan dagoenean, Euskotrenek aurreikusita dauka Añorga-Pasaia tarte komunean, hamaika geltokirekin, 276 zirkulazio egitea egunean, lanegunetako zerbitzua osatzeko".
Horretarako, 62 unitateetatik 67ra handituko du Euskotrenek egungo tren-flota, "980 serieko CAF fabrikatzen ari den bost unitateak merkataritza-zerbitzuan estreinatzen hasten direnean. Tren horiek lau kotxe, 400 lagunentzako edukiera eta bainugela izango dituzte, eta irisgarritasunaren eta segurtasunaren arloko aurrerapen teknologiko guztiez gain, gero eta handiagoa den eskariari erantzuteko aukera emango dute, bai trenbide-eskaintza erregularrean, bai kultura-, kirol- edo jai-ekitaldietarako zirkulazio berezietan".