Herrigunerainoko bidegorri seguru eta zuzena eskatu du Sortaldek, bizikleta martxa bidez

Noaua Aldizkaria

"Biziz Bizi" aldarripean, Usurbil eta Errekalde lotutako bizikleta martxa egin du Sortaldek, herrigunerainoko bidegorri seguru eta zuzena galdegiteko.

Donostia eta Usurbil artean bidegorri seguru eta zuzena galdegin dute larunbat goiz honetan, azaroaren 14an, albiste honi atxikitako iruditako herrikideek. Horretarako, bizikleta martxa antolatu du Sortalde Usurbilgo Energia Berriztagarrien Komunitateak. Goizeko hamaiketan abiatu dira Mikel Laboa plazatik. Zubietatik barrena Errekalderaino joan eta itzuli dira gero N634 errepidetik barrena.

Antolatzaileen esanetan, Sortalderen "eginkizunetan ez da sartzen bakarrik energia sortzea eta banatzea, baizik eta energia aurreztea eta horren kudeaketa zentzuzko bat egitea". Ildo horretan, "iruditzen zaigu bizikleta dela mugikortasun tresna bat oso eraginkorra, energia kontsumo eraginkorra duena. Horregatik erabaki dugu bizikleta martxa hau egitea, bizikletaren erabilpena sustatzeko herrian eta aspalditik eginda egon behar lukeen Donostia eta Usurbil arteko bidegorria eskatzeko".

Izan ere, bat baino gehiago da herrian, Gipuzkoako hiriburura joateko bizikleta erabiltzen duena, baina Zubieta, Kalezar edo Arratzaindik barrena joan beharrean aurkitzen dena. Egoera horren aurrean, "bide eraginkor bat" galdegin dute Donostiarako, lanera, ikastera edota aisialdiko bestelako asmorik duenarentzat.

Txalapartaz girotua
Abiatze partekatua izan dute larunbat goiz honetarako, azaroaren 14rako antolaturiko bi hitzorduek. Jexux Artze Kultur Elkarteak antolaturiko Txalaparta Festari Mikel Laboa plazan eman diote hasiera. Eremu bera baliatu du baita, aldez aurretik, Sortalde Usurbilgo Energia Berriztagarrien Komunitateak gaurko bizikleta martxari ekiteko ere.

Abiatze une hori, txalapartaz giroturikoa izan da.

"Bidegorri segurua eta zuzena"
Ekimenaren deitzaileek egunotan azaldu moduan, "Donostiatik Lasarterako bidegorria dago aspaldidanik, orain dela gutxi atondu berria. Jende askok erabiltzen du egunero, oinez edo bizikletan, garraio-bide oso egokia baita. Segurua da, bestelako trafikotik banandua. Eta zuzena: Lasartetik Donostiara buelta handirik eman gabe. Gora-behera handirik izan gabe. Hau da, erabilgarria eta praktikoa erabili nahi duenarentzat".

Baina hor dago bidegorriaren etenaldia, Mutrikurainoko bidea planifikatua egon arren.  Sortaldek gogora ekarri moduan, "izan zen bizikleta bideen plan sektorial bat onartua Batzar Nagusietan  2013an. Baina dena ez zen bete, eta bere horretan utzi zen. Usurbili 2. ibilbidea zegokion: Donostia-Mutriku. Baina Lasarteraino besterik ez da iristen. Horren lekuko, Urbil parean Donostia-Mutriku bidegorria adierazten duen panela. Iragarri bai, baina ez dago".

Proposaturiko bidea, gainera, ez zela zuzena azaldu du Sortaldek. "Zubietatik ematen zuen buelta. Hau ez da, gure ustez, onargarria. Bideek zuzenak izan behar dute, garraiorako egokiak, eta ez turismorako pentsatuak".

Horixe da hain zuzen, hilaren 14ko bizikleta martxaren bidez galdegin nahi diotena Gipuzkoako Foru Aldundiari; "bidegorri segurua eta zuzena Añorgatik Usurbil erdialderaino. Lehen aurreikusia baldin bazegoen, ez dugu uste gure eskaria burugabea denik".

"Uste dugu baduela konponketa"
Energia-kooperatiba izanik, Sortalde "energiaren kontsumo egokiaz arduratuta dago. Horrek eramaten du bizikleta erabilera sustatzera eta zabaltzera, eta horretarako bidean izan daitezkeen eragozpenen kontra borrokatzera".

Garraio merke eta eraginkorra dela gogorarazi digute, onura askokoa; "energia kontsumo txikia eta berriztagarria, gorputzaren osasunerako egokia, eta abar. Eta kasu askotan, beste garraio gehienak baino azkarragoa". Bistakoa da, halere, guztiak bezala, eragozpenak baditu. "Eguraldi egoera zailetan arazotsua izan daiteke; euriak eta haizeak dezente nahas dezakete ibilaldiaren egoera, desatsegina egin arte eguneroko egoera arruntetan, lanera edo ikastera joan-etorrian gabiltzala. Horren aurrean, ezer gutxi egin daiteke egoera hobetzeko. Baina badago beste eragozpen handi bat: bide egokiak ez izatea eta berorietan arriskua sortzea. Azken hau kezkagarria zaigu, eta uste dugu baduela konponketa".